Etxarriko gazteluaren salmentari buruzko epaia uztailaren 13an jakinaraziko dute

Etxarriko gazteluaren salmentaren kontrako auzia Baionako epaitegian iragan da ekainaren 12an. Epaileak gaiari buruzko deliberoa uztailaren 13an plazaratuko du. Auzia iragan den egunean berrehun bat pertsona elkartu ziren talde ultrakontserbadore batek eraikina erosi izana deitoratzeko.

Haritz LARRAÑAGA|2017/06/13 11:50|0 iruzkin
Guz_etxarri_epaiketa_elkarretaratzea_epaitegia_baiona_imiquelestorena04
Berrehun pertsona elkartu ziren Baionako auzitegiaren aitzinean gazteluaren salmenta deitoratzeko. ©Isabelle Miquelestorena

Uztailaren 13an plazaratuko da Etxarri herriko Elgart jauregiaren salmenta baliogabetzen den edo ez erabakiko duen epaia. Lehen epaia izaki, salmentaren kontrako auzia ateratzen bada, erosleek helegitea sartzeko aukera izango dute, beraz, posible da bide judiziala oraindik luzatzea, Garako artikuluak azaldu duenez.

Atzokoan, jende andana bildu zen Baionako auzitegiaren atarian elkarte ultrakatoliko batek Etxarrin erositako eraikin publikoaren salmenta baliogabetu dezaten eskatzeko. Aldarri hori epaitegietara eraman duten Etxarri Kolektiboari eta Axuria Kooperatibari sostengua ere adierazi zieten.

Anne-Marie Mendiboure abokatuak salmenta baliogabetzea eskatzeko argudioak azaldu zituen, helburu jakin batekin, "AFMR formakuntza zentroa saltzeko hartu zen erabakia ezkutuan eta ilegalki hartu zela frogatzea". Izan ere, abokatuaren esanetan, hori lortuz gero, "automatikoki salmenta bertan behera geratuko litzateke, bestela salmenta ilegala bailitzateke".

Pasa den udan Etxarriko Landa Eremuko Hezkuntzarako Elkartea talde ultrakontserbadore batek erosi zuenetik, herritarrak kexu dira. "Etxe horrek badu formakuntza ibilbide bat, eta, orain, eraikina beste eginkizunetarako erabiliko duen elkarte bati saldu nahi zaio", salatu zuen Isabelle Marco Etxarri kolektiboko bozeramaileak.