Iurre BIDEGAIN

Bidaxunen hil nahi dituzten kabalak "adoptatzeko" deia luzatu du ELBk

Bidaxuneko Lataillade familiaren ahate haztegia mehatxatu du administrazioak. Hegazti gripea dela eta, bertan hazten dituzten ahatekumeak hil nahi ditu ekainaren 12a baino lehen. Kabalak sanoak direla ohartarazi du ELBk. Animaliak salbatzeko xedez, partikular, hazle eta kontsumitzaileei bertako ahatekumeak "adoptatzeko" deialdia luzatu die.

Berrehun bat pertsona Bidaxunen antolaturiko agerraldira hurbildu dira. ©Isabelle Miquelestorena
Berrehun bat pertsona Bidaxunen antolaturiko agerraldira hurbildu dira. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Herriko Kriaxera eta Landestako Rouen arrazako ahateak hazten dituzte Bidaxunen. Hegazti gripearekin hunkituak izan diren etxaldeetatik hurbil kokatua dago etxaldea. Hori dela eta, ahateak bertatik ez mugitzeko agindua jaso zuten hazleek. Huste sanitarioa burutzearen bezperan analisiek ahateak sanoak zeudela frogatu zuten.

Ahateak eritasunarekin kontaktuan egon direnez, administrazioak ekainaren 14a baino lehen 1.000 ahateak hiltzeko agindua eman duela azaldu du ELBko kidea den Panpi Saint-Mariek. Sindikatuak adarra salbatzeko helburuarekin, neurri sanitario "gehiegizkoen" bertan behera uztea eskatu du ekainaren 12an Bidaxunen antolaturiko agerraldian. Berrehun bat pertsonek parte hartu dute elkarretaratzean.

Ekoizleek Baxe Nafarroako etxaldeko ahateak erosten dituzte, beren kabuz ahazteko. Asteazkenean sortuko diren ahatekumeak berreskuratzea joango dira laborariak. ELB sindikatua egun berean etxaldera hurbilduko da "ahateak normaltasun osoz aterako direla ziurtatzeko". Gainera, laborariei eta familiari babesa helaraziko die.

Animaliak salbatzeko xedez, sindikatu abertzaleak ahatekumeak "adoptatzeko" deia luzatu die hazle, partikular eta kontsumitzaileei. "Ez da ahate bakar bat ere gelditu behar etxalde horretan. Guztiak salbatu behar ditugu", nabarmendu du Saint-Mariek. Mobilizazioarekin bat egitea erabaki dutenak beren izenak ematen hasi direla aipatu du kideak.

Arrazen saila arriskuan

Badira aste batzuk ELB zerbitzu sanitarioekin hitz egiten ari dela. Prefetarekin ezadostasunak sortu direla aipatu du sindikalistak. Hala nola, administrazioak inkubatzearentzat arrautzak beste etxalde batera lekuz aldatzea proposatu du. Laborantza Ministerioarekin "eztabaida politikoa" aldarrikatu du sindikatuak.

Arraza horren hazkundea oztopatzeak ekarriko lituzkeen eraginak agerian utzi ditu sindikatuak. Hil nahi dituzten bi arrazak "oso arraroak" direla azpimarratu du Saint-Mariek. "Bakarrik etxalde horretan" daudela dio. Hori dela eta, sail osoa babestea funtsezkoa iruditzen zaio sindikatuari. "Berrehun laborari ahate horien behar dira. Pentsaezina da animali horiek hiltzea. Laborarien etorkizuna jokoan dago", erantsi du.