Amaia FONTANG

Zubiak eraiki, ez hesiak!

IRITZIA- Gaur egun etorkinek Europan bizitzen duten egoera gogora ekarri du Fontangek. Migrazio politikaren aldeko lana segitu behar dela nabarmendu du. Ildo horretatik, Gobernuei "egiazko harrera politika" fermuki eskatu behar zaiela aipatu du.

Amaia Fontang iruditan.
Amaia Fontang iruditan.

Apirilaren 29 eta 30ean, milaka bildu ginen Gernikan.
 Milaka ginen 1937an, gure herri horretan faxistek egin bonbardaketa basatia eta ondotik, frankismoari ihes egiteko milaka pertsonen exilioa oroitarazteko baita ere horien memorioa bizirik atxikitzeko.

Milaka ginen oroitarazteko, gaur egun, 10.000ka emigrante, gerla, miseria, diskriminazioak, klima aldaketari ihes egiten dietela.

Milaka ginen ozenki errateko ez dugula onartzen gaur egun, Europak emigranteei buruz eramaten duen politika lotsagarria.

Erbestearen bidean, Mediterraneoan 2000. urtetik, 50.000 migratzaile inguru hil dira Europara, AEBra, Australiara edo beste herri batzuetara sartu nahian... Mediterraneoan, 22.000 baino gehiago (4.000 2016ean).

Babesa eta seguritatea atzeman ordez, Europar Batasuneko mugetan (Libia, Turkia, Serbia...) baita ere Grezian, Italian, metatzen dira duintasunik gabeko baldintza ahalkegarrietan eta, Europara sartzen lortzen dutelarik, jazartuak dira eta Erretentzio zentroetan atxikiak dira eta horietako anitz, ondotik kanporatuak.

Europar Batasuneko 28 kideek, 2000.tik, bederen 1,3 miliar xahutu dituzte beren eremuan emigranteen sartzea trabatzeko! Alta, murruek, hesiek ez dituzte geldituko!

Gobernatzen dutenei egiazko harrera politika exijitu behar diegu, emankorragoa babes eskatzaileekiko, integrazio zerbitzuen sarbide berdintasuna migratzaile humanitarioentzat
- Haien oinarrizko eskubideen eta duintasunaren errespetua
- "Europar bisa" bat, harrera herriaren hautua eta mugikortasuna ahalbidetzeko
- Integrazio estatutua (laneko eskubidea) etorri bezain laster
- Europako engaiamendua, jatorrizko herriak gatazkak konpontzera laguntzeko, ko-garapen bidezkoaren bidez haien egoera ekonomiko nahiz klimatikoa hobetzeko...

Segi dezagun borroka aktiboa bestelako migrazio politika baten alde, eta Gernikan bezala erran dezagun ozenki: "Ongi Etorri errefuxiatuak!"