Kazeta

Macronen alderdia garaile Estatu frantsesean

La République en Marche alderdiak Estatu frantseseko lehen indarra izatea lortu du Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen itzulian. Emmanuel Macronen koalizioak bozen %31,42a lortu du, bozen %81a zenbatuta. Hori dela eta, gehiengo zabala lortuko luke Asanblada Nazionalean.

 Emmanuel Macronen koalizioak bozen %31,42a lortu du, bozen %81a zenbatuta.
Emmanuel Macronen koalizioak bozen %31,42a lortu du, bozen %81a zenbatuta.

Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen itzuliko garaile argia Emmanuel Macronen alderdia da. Ekainaren 11n iraganen den lehen itzulian bozen %32a lortu du. Hori dela eta, 400 eta 440 diputatu artean lortuko lituzke Asanblada Nazionalean, Kantar Sofresek egindako zundaketaren arabera. Oroitarazi behar da 577 diputatuk osatzen dutela Legebiltzarra.

Errepublikanoak alderdia bigarren indarra agertu da lortu dituen bozen %21,2ari esker. Halaber, Frantzia Intsumisoak bozen %14,2a eskuratu du. Fronte Nazionala laugarren gelditu da bozen %13,9arekin eta Alderdi sozialista bosgarren %13,3arekin.

Hauteskunde hauetako abstentzioaren bataz bestekoa azpimarratzekoa da. Hain zuzen, Barne Ministerioak plazaratutako lehen datu ofizialen arabera, %51,6koa izan da. 2012an %57,22koa izan zen.

Lehen emaitzak jakin bezain laster, lehen ihardokipenak plazaratu dituzte alderdiek. Jean-Christophe Cambadélis alderdi sozialistako idazkariak ezkerraren beherakada onartu du, eta "batez ere" bere mugimenduarena.

Bigarren itzulirako "aurreikusia den gehiengoari aurre egiteko" deia luzatu du idazkariak. Bere erranetan, Asanbladan pluralismoa plantan ezartzeko baliatu beharko litzateke.

Marine Le Pen, Fronte Nazionaleko lehendakariaren aburuz, parte hartze apalak bere alderdia kaltetu du. "Masiboki" bigarren itzulian bozkatzeko deia luzatu du.

Frantzia Intsumisioko ordezkaria den Melenchonek Lehendakaritzako hauteskundeen emaitzei alderatuta, atzera egin du. Hala ere, "satisfos" agertu da bere mugimenduak lortu dituen emaitzekin. Horiek kontutan hartuz, bere aburuz, herritarren gehiengoak ez du aldaketaren alde bozkatu.