Kazeta

Urrea esploratzearen kontrako ekimenak indartu dituzte

Sudminek Errobin urrea esploratzeko baimena laster ukan dezakeela jakin ondoren, hainbat ekimen antolatu ditu proiektuaren kontra dagoen Stop mines EH kolektiboak. Hala nola, irailaren 16ean manifestazio bat prestatu du Baionan.

Sudmine enpresak urrea ustiatzeko baimena urria edo azaroan jasoko luke. ©Isabelle Miquelestorena
Sudmine enpresak urrea ustiatzeko baimena urria edo azaroan jasoko luke. ©Isabelle Miquelestorena

Errobi aldean urrea ustiatu nahi duen proiektuaren kontrako jarrera berretsi zuen Stop Mines EH kolektiboak ekainaren 1ean. Ossau Iraty, Ezpeletako piperra eta Itsasuko gerezien ekoizleek, hainbat elkarte eta tokiko hautetsiekin batera Sudminen egitasmoaren kontra agertu ziren. Halaber, egitasmoari buruzko azken berriak plazaratu zituzten.

Martine Bouchet CADEko ordezkariak Sylviane Alauxk jakinarazi duenaren berri eman zuen. Hau da, diputatu sozialistak Ekonomia Ministerioko langileekin hitz egiteko parada izan du, Sud Ouest egunkariak azaldu duenez. Azken horiek urrea ustiatzeko baimena urria edo azaroan enpresari baieztatua izango zaiela azaldu die. Hori dela eta, mobilizazioa indartzea erabaki du kolektiboa.

Burutu dituen urratsen artean irailaren 16rako mobilizazio bat prestatu du Baionan. Halaber, egitasmoaren kontra dauden herrien sartzeetan pankartak jarri ditu. Ekintza sinboliko hori proiektuaren aurka dauden hamaika herrietan instalatu ditu. Hots, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Zuraide eta Uztaritzen. Paneletan ondoko mezua irakurri daiteke: "Urrezko meatzegien kontra".

Horrez gain, Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaiak interpelatu ditu Stop Mines EH kolektiboak. Hautagaiei proiektuaren kontra edo alde daudela galdetzeaz gain, aurka izanez gero horren kontra jotzeko zer egingo luketen eskatu diete. Taldeak aipatu duenez, oraingoz Peio Etcheverry-Ainchart EH Baiko hautagaia, Sophie Bussière ekologista eta Vincent Bru La République en Marcheko hautagaiaren erantzunak jaso ditu. Guztiak kontra daudela nabarmendu du.