Presoen aldeko dinamika berpiztu nahian Hazparnen

Herriko gazteak elkartu dira presoen aldeko batzorde bat sortzeko xedez. Duela urte batzuk zegoen dinamika berpizteko nahian. Beren lehen hitzordua ekainaren 25ean Hazparneko bestetan antolatu dute herriko bazkaria izanen da.

Iurre BIDEGAIN|2017/06/06 08:20
Img_1975
Presoen aldeko batzordeak lehen ekimena ekainaren 25ean antolatuko du. ©Joana Barbier

Urte hasieraz geroztik, herriko zenbait gazte elkartzen hasi dira badira urteak itzalia zegoen presoen aldeko dinamika berpizteko. Herriko bi preso askatu ondoren, dinamika itzalean gelditu zela azaldu dute taldeko kideak diren Joana Barbier, Oihana Parot eta Hegoa Baños Olabarrik. Motibazioak gidatuta, elkarte bat eratu nahi dute urtean zehar hitzaldi, eztabaida, kontzertuak eta tailerrak antolatzeko.

Iragan apirilaren 7an preso ohi, senide eta abokatu batekin hitzaldi bat antolatu zuten Ttattola Gaztetxean. Hiru gazteek aipatu dutenez, berrogeita hamar bat pertsona hurbildu ziren ekimenera. Bertan, dinamikarekin segitzeko engaiatuak liratekeen pertsonen zerrenda bat osatu zuten. Geroztik, bilkurak antolatzen joan dira borondate eta nahiari forma emateko helburuarekin.

Batzordearen lehengo hitzordua ekainaren 25ean izango da. Herriko besten karietara presoen aldeko bazkari bat antolatu nahi du. Gainera, antolatzaileen erranetan, bazkaria euskal presoei zuzenduriko gutunak idazteko baliatuko dute ere.

Bidean oztopoak aurkitzen hasi dira gazteak. Hala nola, auzapezaren ezezkoa. Ekimena herriko plazan egiteko baimena eskatu ondoren, auzapezek eskaera errefusatu die. Auzapezak ez lieke elkarteei toki publikoaren erabilpena baimenduko. Horiek horrela, komiteak beste eskutitz bat bidali dio auzapezari. Halaber, "pisu gehiago lortzeko" herriko elkarteen sostengua bilatuko duela aipatu dute kideek.

Interesa bizirik mantendu

Hala eta guztiz ere, lehen ekimena prestatzeko taldeak antolatu dituzte. Sukalde, materiala eta komunikazio taldeak, adibidez. Parte hartzaile gehienak gazteak direla azpimarratu dute Barbier, Parot eta Baños Olabarrik. Haatik, batzorde ohiko kideak ere laguntzeko prest agertu direla aipatu dute.

"Euskal presoekiko elkartasuna eta interesa agerian dago herrian. Sentimendu hori hor dago. Gure helburua da sentimendu eta babes hori aktibo mantentzea", erantsi dute.