Kazeta

Mugaz gaindiko lankidetzari buruzko foroa Baionan

"Euskal Elkargoa eta muga-gaindiko lankidetza" lemapean foroa antolatu dute ostegunerako Eusko Ikaskuntza, Udalbiltza eta Garapen kontseiluak. Erakunde bakoitzak hitza hartu ondoren, bi mahai inguru proposatuko dituzte Euskal Herriko hainbat eragileen parte hartzearekin.

Garapen Kontseiluko kideek foroan parte hartuko dute.
Garapen Kontseiluko kideek foroan parte hartuko dute.

Euskal Herriak bizi dituen aldaketa politiko-instituzionalek aukera eta desafio berriak sortzen dituzte Eusko Ikaskuntza, Udalbiltza eta Garapen kontseiluaren aburuz. Batez ere, lurralde kohesioari dagokionez. Hain zuzen, urte hasieran plantan eman duten Euskal Elkargoa, Nafarroak bizi duen aldaketa politikoa, baita erabakitzeko eskubideari buruz eraiki dituzten dinamikek ere Euskal Herrian hausnarketarako bide berriak idekitzera doazela islatu dute.

Hori dela eta, hiru erakundeek gaia jorratuko duen foroa antolatu dute ekainaren 1erako Baionako Euskal Museoan. Ekimena 18.00etan hasiko da. Hasiera batean, Eusko Ikaskuntzak lurraldetasunaren kontzeptualizazioa eta lurralde kohesioari buruzko azalpenak eskainiko ditu. Ondoren, Udabiltzak Euskal Herriko herrien arteko harremanen gaia landuko du. Azkenik, Garapen kontseiluak mugaz gaindiko garapena, gobernantza eta gizarte zibilaren parte hartzea nolakoa izan beharko litzatekeen aipatuko du.

Bigarren atalean, "Muga-gaindiko egituraketa instituzionala eta gizarte zibilaren tokia" lemapean lehen mahai ingurua proposatuko dute. Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakaria, Mathieu Bergé Akitania Berriko kontseilaria eta Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Caroline Phillipps Garapen Kontseiluko lehendakariak parte hartuko dute, besteak beste.

"Ekonomia, tokiko garapena, ikerkuntza eta berrikuntzaren" gaia jorratuko duen mahai-inguruak bukaera emanen dio foroari. Besteak beste, Michel Etchebest Mauleko auzapeza eta Euskal Elkargoko ekonomia arduraduna eta Gipuzkoako Foro Aldundiko ordezkari batek hitza hartuko dute.