Iurre BIDEGAIN

'EH ez da salgai' margoketa zuen etxe bat kiskali da Heletan

Goizeko 05.00ak aldera suhiltzaileak deitu dituzte Heletako etxebizitza batean piztu den sua itzaltzeko. Bigarren etxebizitza bezala erabilia zen etxeko pareta batean "Euskal Herria ez da salgai" margoketa agertu da. Suhiltzaileek bertan segitzen dute.

Suhiltzaileak goizeko 05.00ak aldera deitu dituzte. ©Isabelle Miquelestorena
Suhiltzaileak goizeko 05.00ak aldera deitu dituzte. ©Isabelle Miquelestorena

Phillippe Etchepare Heletako auzapezak 05.00ak aldera abisua jaso du. Irisarriko bidean dagoen eremura hurbildu eta etxea guztiz kiskaltzen ari zela ikusi du, bere erranetan. Azaldu duenez, etxeko pareta batean ondoko margoketa agertu da: "Euskal Herria ez da salgai". Datu hori kontutan harturik, sua nahitara piztua izan litzateke.

Iholdi, Baigorri eta Hazparneko suhiltzaileak baita jendarmeak ere tokira joan dira. Goizeko 9.30ak aldera bertan segitzen zuten. Hasiera batean, ez zekiten norbait zegoenez etxearen barnean, auzapezak dionez, "usu etortzen direlako jabeak". Azkenean, "zorionez", frogatu dute etxea hutsik zegoela. "Etxea guztiz erre da, garajea salbu", gehitu du.

Etcheparek aipatu duenez, Iruñekoak diren jabeek etxea duela 25-30 urte erosi zuten. "Beti hor dira. Ez da kontsideratzen ahal bigarren etxebizitza bat. Maleruski, pena handi bat da", aitortu du herriko auzapezak.