Iurre BIDEGAIN

Arteari tokia eskaini nahi dion merkatua

Merkatu'Art ekimenaren laugarren edizioa antolatu du Donibane Ziburuko Gaztetxeak maiatzaren 28rako. Berrogeita hamar bat artistek beren obrak erakutsiko dituzte beste publiko bat hunkitzeko xedea duen topalekuan.

Berrogeita hamar artisauek parte hartuko dute azokan. ©Donibane Ziburuko Gaztetxea
Berrogeita hamar artisauek parte hartuko dute azokan. ©Donibane Ziburuko Gaztetxea

Donibane Ziburuko Gaztetxeak Merkatu'Art bezalako ekimenekin guneak egunean zehar ere funtzio bat eduki dezakeela frogatu nahi du. Gaueko girotik urrunduz, beste publiko bat hunkitu nahiko luke, hala nola, familiak. Horretarako, badira lau urte abiatutako sorkuntza artistikoen topaketa antolatu du maiatzaren 28rako.

Gaztetxeko kide batek aipatu duenez, nahiz eta musika jorratzen segituko duen, beste arlo batzuk landu nahi ditu elkarteak. Gainera, artistei beren sorkuntza plazaratzeko parada eskaini nahi die. Bide batez, kontsumitzeko beste eredu bat sustatu nahi dute gazteek. Hau da, erosketak egiteko komertzio handietara jo ordez, tokiko saltokietara zein artisauengana joateko ohitura sustatu nahi dute. “Artistei beren lanaz bizitzeko laguntza eskaini nahi diegu”, erantsi du.

Horiek horrela, egun osoko egitaraua prestatu du Gaztetxeak. Goizeko 10.00etan hasi eta 20.00ak arte animazioak proposatuko ditu. Gazte eta helduek tailer ezberdinetan parte hartzen ahalko dute. Hala nola, pastizeria eta lore sorkuntzari buruzkoak izanen dira ikastaroak.

Xibao deituriko ekoizleak tokiko produktuetaz gozatzeko parada eskainiko du. Gainera, Juanita Bananak afro, funk eta soul musika estiloekin giroa alaituko du.