Iurre BIDEGAIN

Euskal Trail, desafiotik haratago doan lasterketa

Euskal Trails lasterketen edizio berri bat errezibituko du Baigorrik maiatzaren 25 eta 26ean. Hogei urteko ibilbideak kirolaren mugak gainditu eta esanahia handiagoa duen ekimena proposatzea lortu du elkarteak. Elkartasunaren baloreari garrantzia ematen dion desafioa da.

©Euskal Trail
©Euskal Trail

Hogei urte beteko ditu aurten Euskal Trail lasterketak. Kirolaren zaleentzat ezinbesteko hitzordua bilakatu denak etengabeko garapena bizi du. 1997. urtean hamabi parte hartzaile bildu zituen ekimenak, gaur egun, ordea, 3.000 batzen ditu. Estatu frantses osotik etorritako kirolariek maiatzaren 
26 eta 27an topo eginen dute Baigorrin.

Christian Oçafrain Euskal Raid elkarteko lehendakariak ekimena "azkar aldatu" dela erran du. "Aski da 2000. urteko irudiak ikustea". Aldaketa garrantzitsuena parte hartzaileen prestakuntzan agertu dela dio. Gaur egun, aurkezten direnak gehiago entrenatzen dutela uste du. Prestaketa horren ildotik, erabiltzen dituzten jantziak ere aldatu direla aipatu du irriz lehendakariak. "Anitz kasu ematen dute. Lehen edozein tixertekin lasterka egiten zuten", erantsi du irribarrea ahoan.

Parte hartzaile profilari dagokionez ere aldaketak agertu direla azpimarratu du. Lehen "edozeinek" parte hartzen zuen, baina orain esperientzia dutenak aurkezten direla kontatu du.

Zalantzarik gabe, lasterketak bizi duen garapenak eragina izan du tokiko ekonomian. Hala nola, Baigorriko komertzio eta zerbitzuetan. Oçafrainen erranetan, nahiz eta "hasieran batzuk ez zuten begi onez ikusten", gaur egun eskualdeko ekonomiari ekarpenak egin dizkiola uste du. Ildo horretatik, lasterketa garaian lekuko mozkinak proposatzen entseatzen da elkartea. "Gure filosofia da". 

Lasterketa bat baino gehiago

Tokiko produktuen presentzia ziurtatzeak elkarteak dituen baloreen isla da. Balore horien artean, elkarlanarena dago. Lasterkariak biltzeaz gain, 400 laguntzaile inguruk parte hartzen dute, horien artean medikuak, erizainak eta suhiltzaileak daude, besteak beste. Elkartearen iritziz, partaide guzien arteko errespetua eta bateragarritasunak hitzorduaren arrakastari laguntzen diote.

Aurtengo edizioak sei formula proposatuko ditu. Hots, Ultra Trail (130 km), Trail Gourmand (2 aldiz 25 km), Neska Trail (8 km), Euskal Trail (2 aldiz 40 km), Iluna Trail (27 km) eta Ttiki Trail. Aurten ere, "Joellettes" deituriko karroei esker elbarrituek parte hartzeko parada izanen dute.