Lassallen hitzen kontra justiziara jotzea ikertzen ari da Seaska

Jean Lassallek eskola batzuen lehentasuna "armen erabilera irakastea" dela erran ondoren, justiziara jotzea ikertzen ari da Seaska. Bere adierazpenengatik barkamenak eskatu ditu Ipar Euskal Herriko diputatuak.

Iurre BIDEGAIN|2017/05/19 15:45
Seaska
Seaskako presidente eta zuzendaria, Paxkal Indo eta Hur Gorostiaga. (Gaizka IROZ)

"Lotsagarria da. Horrelako pertsona batekin ez da harrigarria", azaldu du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Jean Lassallek "Les enfants de la politique" saioan errandakoak polemika piztu zuen maiatzaren 18an. Ipar Euskal Herriko diputatuak eskola batzuen lehentasuna "armen erabilera irakastea" dela erran zuen lehendakaritzako hauteskundeen kanpaina garaian. Berriki, Lassallek barkamenak eskatu ditu agiri baten bidez.

Euskararen irakaskuntzari buruzko azalpenak "bidegabekoak" direla dio. Diputatuak azpimarratu du ez zuela Seaska eta ikastolei buruz hitz egin nahi. "Ez nuen inori pentsatu", zehaztu du. "Nor aipatzen du beraz? Eskola Errepublikanoak eskola publikoari erreferentzia egiten dio. Ez badira Seaskako ikastolak, zer dira katolikoak? Gutaz trufatzen da?", erantsi du Seaskako lehendakariak.

Publikoki horrelakoak erratea gaur egun "testuingurutik kanpo" dagoela uste du Indok. Bere aburuz, horrek "erakusten du euskal gizartea gaizki ezagutzen duela". "Euskal jendartea beste zerbaitetara pasa da".

Jean Lassalle Seaskako lehendakariarekin harremanetan sartzen entseatu dela aipatu du Indok. "Ez diot erantzun", gehitu du.

Adierazpenen ondotik, justiziarekiko zerbait egiten ahal den ikertzen ari da elkartea. "Joaten bagara, irabazteko da. Egia da ez duela Seaska ezta ere ikastolen izena erran, baina denek ulertzen dugu nortaz ari den. Justizia ekintza bat egiten badugu, beharbada batzuek ulertuko dute ez dela horrelakorik egin behar", azpimarratu du.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK