Alternatiben aldeko desafio berria

IRUDITAN- Alternatibak eraikitzeko xedea duen desafio berria abiatu dute. Alternatibaren ekimenaren lehen ekintza "gaitzituak" dauden nanoen agerpena izan da. Desmartxaren ildo bera segitzeko, mobilizazioak prestatzen dituela iragarri du erakundeak.

Kazeta|2017/05/19 11:10
Dscf5104-e1494918658280-1
"Gaitzituak" dauden nanoek tokiko moneten erabilpena sustatu nahi dute. ©Bizi

Maiatzaren 15az geroztik, "gaitzituak" dauden nanoak agertu dira Estatu frantseseko hamazazpi hiritan, hala nola, Baionan. Alternatiba mugimenduak azaldu duenez, normalean itzalean dauden nano horiek argitara atera dira determinazioaren ikurrak bilakatzeko eta beren aldarrikapenak entzunarazteko. Alternatiben aldeko aldarrikapenak, hain zuzen.

"Gaur egun alternatibak gutiengoan daude pisua izateko. Ingurumenaren aldeko desafioa lortzeko, gehiengoan izan behar duten sistema bilakatu behar dira", azaldu du Jon Palais Alternatibako militantea. Horretarako, 200 eguneko desafio bat abiatu du erakundeak.

Desafio horren lehen urratsa aipaturiko nanoen agerpena izan da. Hainbat gai plazaratu dituzte pertsonaia horien bidez. Hala nola, berriztagarriak diren energien erabilpena, tokiko moneten sustapena eta laborantzaren aldeko apustua.


 

 

Lehen etapa batean alternatibak garatzeko helburuz, herritarrak ekintzara pasatzea nahi du mugimenduak. Ildo horretatik, mobilizazioak antolatuko dituela aipatu du Alternatibak. Hitzordu nagusia irailaren 18tik 30era iraganen den Trantsizioaren Eguna izanen dela iragarri du. Bigarren etapan elkargoen sostengua lortu nahiko luke.