Etxarriko formakuntza zentroaren salmenta epaituko dute ekainaren 12an

AFMR formakuntza zentroaren salmentaren kontra helegitea aurkeztu dute Etxarri kolektiboak eta Axuria kooperatibak. Eragiketa "legez kanpokoa" dela diote. Hori dela eta, salmenta ikertuko dute ekainaren 12an Baionan iraganen den auzian.

 

Haritz LARRAÑAGA|2017/05/18 08:05|0 iruzkin
Guz_etxarri_kolektiboa_annulation_vente_polo_beyris_imiquelestorena03
Eragiketa egiteko modu ilegala salatuko dute. ©Isabelle Miquelestorena

Maiatzaren 17an Baionan prentsaurrekoan bildu zen herritar taldea haserre agertu zen, Elgart gazteluaren salmenta "modu irregularrean" egin dela iritzi baitiote. Pasa den apirilaren 9an Axuria eta Etxarri elkarteek helegitea aurkeztu zuten Baionako epaitegian Etxarriko formazio zentroaren salmenta bertan behera utz dezaten eskatzeko. Epaiketa datorren ekainaren 12an izango da, Garako artikuluak azaldu duenez.

Horrez gain, erosleak duen izaera atzerakoiagatik ere kexu agertu ziren bi elkarteetako kideak; izan ere, "etxe horrek badu formakuntza ibilbide bat, eta orain, eraikina bestelako eginkizunetarako erabiliko duen elkarte ultrakatoliko bati saldu nahi zaio, eta legez, erosleak laikoa izan behar du", azaldu zuen Isabelle Marco, Etxarri kolektiboko bozeramaileak.

Epaiketari begira baikor

Anne-Marie Mendiboure abokatuak salmenta baliogabetu dezaten eskatzeko erabiliko dituzten argudioen berri eman zuen, baina funtsean gauza bat azpimarratu zuen, "AFMR formakuntza zentroa saltzeko hartu erabakia ezkutuan eta ilegalki hartu zela frogatzen badugu, automatikoki salmenta bertan behera geratuko da, zeren bestela salmenta ilegal bat litzateke".

Lehen epaia izaki, salmentaren kontrako epaia ateratzen bada, erosleek helegitea aurkezteko aukera izango lukete, eta baliteke bide judiziala luzatzea.

Edonola ere, epaileak hartzen duen lehen erabakia zein den uztail hasieran jakingo da, baina auzi-jartzaileak baikor agertu ziren, "orain artean bildu garen jende eta ordezkari guztiek gurekin bat egiten dutela esan baitigute".

Ipar Euskal Herrian dauden 153 Herriko Etxeetatik, jada 40ren babesa jaso dute eta oraindik ere udal ordezkari eta elkarteekin biltzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten, baina Peio Durrutik, Etxarri elkarteko kideak, zehaztu nahi izan zuenez, "ez dugu babesa eskatzen, parte hartzea baizik".