Zentro, eskuin eta ezkerreko ministroak Gobernu berriaren osaketan

Gobernu frantsesaren osaketa jakinarazi dute maiatzaren 17an. Hemezortzi ministro izango dira orotara. Hain zuzen, Gérard Collomb eta François Bayrou Barne eta Justizia ministroak izendatu dituzte, hurrenez hurren.

Kazeta|2017/05/17 16:10
Francois_bayrou
François Bayrou, Justizia ministro berria. © DR

Egun bateko beranta ondoren, Gobernu frantsesaren osaketaren berri eman du Alexis Kohier Eliseoko idazkari nagusiak maiatzaren 17an. Lau Estatu idazkariekin batera, hemezortzi ministroek Gobernu berria osatuko dute. Bederatzi gizon eta bederatzi emakume, hain zuzen. Heldu den maiatzaren 18rako lehen ministro kontseilua antolatu dute.

Zentro, eskuina eta ezkerreko (alderdi sozialistatik etorritakoak) hautetsiak bildu ditu Edouard Philippe Lehen Ministroak. Hala nola, MoDem alderdiko hiru kide daude, hots, François Bayrou, Sylvie Goulard eta Marielle de Sarnez. Halaber, Lehen Ministroaz gain, bi ministro Errepublikanoak alderdikoak dira: Bruno Le Maire eta Gérald Darmanin.

Gisa berean, alderdi sozialista ere presente izanen da Gobernuan hiru ministro eta Estatu idazkari bati esker. Alderdi ekologistari dagokionez, Nicolas Hulot trantsizio ekologikoaren gaiaz arduratuko da.

François Bayrou Justizia ministro berria izanen da. Azken horrekin duen harreman "erraza eta zintzoa" kontutan hartuz, Jean-Jacques Lasserrek euskal presoen gaia Gobernura helarazteko asmoa duela azaldu du.

"Euskal presoen egoeraz beti kezkatu naiz. Gaixorik dauden euskal presoen hurbilketa eta askatasunaren alde agertu naiz. François Bayrourekin izanen dudan lehen bilkuran hainbat gai aipatuko dizkiot, horien artean, noski, euskal presoena. François Bayrou errepublikanoa da. Humanista eta sentsibilitate handiko pertsona da. Badakit entzungo nauela. Ondoren, Estatu arrazoia dago", azaldu du.



Gobernu frantsesaren osaketa:

Barne ministro: Gerard Collomb
Justizia ministro: Francois Bayrou
Ekonomia ministro: Bruno Le Maire
Laborantza ministro: Jacques Mezard
Kanpo Harremanetarako eta Europarako ministro: Jean-Yves Le Drian
Hezkuntza ministro: Jean-Michel Blanquer
Goi Irakaskuntza eta Berrikuntza ministro: Frédérique Vidal
Defentsa ministro : Sylvie Goulard
Ekintza eta Kontu Publikoen ministro: Gerald Darmanin
Kultura ministro: Françoise Nyssen
Trantsizio Ekologikorako ministro: Nicolas Hulot
Kirol ministro: Laura Flessel
Osasun ministro: Agnès Buzyn
Itsasoz Bestaldeko ministro: Annick Girardin
Europako gaietarako ministro: Marielle de Sarnez
Enplegu ministro: Muriel Penicaud
Lurraldeen Kohesio ministro: Richard Ferrand
Garraio ministro: Elisabeth Borne

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK