Jean Lassalle: "Legebiltzarreko hauteskundeetako hautagaia naiz"

Jean Lassalle Legebiltzarreko hauteskundeetako hautagaia izanen da laugarren bozkagunean. Bere ordezkoa Barthélémy Aguerre izanen dela azaldu du.

Kazeta|2017/05/17 09:09
Cdt_lassalle_02
Jean Lassalle Résistons alderdiko hautagaia izanen da laugarren bozkagunean. © Gaizka Iroz

Azkenean, misterioa argitu du Jean Lassallek. Hain zuzen, Legebiltzarreko hauteskundeetako hautagaia izanen dela azaldu du. Laugarren bozkagunean aurkeztuko da Résistons alderdiko ordezkari gisa. Besteak beste, Anita Lopepe (EH Bai), Marc Oxibar (Errepublikanoak) eta Gilles Hustaixe (Fronte Nazionala) lehia zuzenean izanen ditu.

Lehendakaritzako hauteskundeetako hautagaia zenak kanpaina garaian bere mezua entzunaraztea lortu zuela uste du. Jasotzen dituen milaka mezuek "borroka segitzea lagundu" diotela aipatu du. "Ez banintzateke aurkeztuko, ihes egitearen sentimendua izango nuke", erantsi du.

Emmanuel Macronen hautaketari dagokionez, berarekin batera desmartxak abiatzeko prest dagoela aitortu du. "Gure presidentea da", gehitu du. Haatik, bere erabakien kontra izango balitz, ezadostasuna erakutsiko liokeela aipatu du.

Aguerre, beti leiala

Jean Lassallen ordezkoa Barthélémy Aguerre Lukuzeko auzapeza izanen da. Memento zailetan ere "fidela" izan dela azpimarratu du Lassallek. Oroitarazi behar da Lukuzeko auzapeza Euskal Elkargoaren kontra agertu zela. Aguerrek "Donapaleu, Donibane Garazi eta Iholdiko lurraldeko iritzia entzunarazi zuela" uste du hautagaiak.

Gisa berean, Barthélemi Aguerrek Etxarri formakuntza zentroko salmentan parte hartu zuela gogoratzean, hautetsiak "lanpostuak salbatzeko" egin zuela azaldu du Lassallek. Gainera, azken horrek ez zuela salmentaren berri ukan esplikatu du. "Berriz hautatua izanez gero, ahal dudan guztia eginen dut aterabide bat atzemateko".

Nahiz eta "faboritoa" ez sentitu, bere esperientzia nabarmendu du Lassallek. "Ez didate inoiz leporatzen ahal ez ditudala nire engaiamenduak atxiki". Hala eta guztiz ere, irabazteko gogo anitz dituela aitortu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK