Bakearen artisauek abenduaren 16rako mobilizazio bat antolatu dute Parisen

Desarmearen egunaz geroztik izan dituzten gogoetak eta etorkizuneko desmartxak azaldu dituzte bakearen artisauek. Hain zuzen, Luhusoko operazioaren lehen urtemugaren karietara, abenduaren 16rako mobilizazio bat antolatu dute Parisen.

Kazeta|2017/05/16 11:40
Guz_prentsaurrekoa_bakegileak_mobilizazioa_luhuso_imiquelestorena03
Biktimen gaia jorratzeko lan talde bat osatu dute bakearen artisauek. ©Isabelle Miquelestorena

Bakearen artisauek hitzartzea hasi bezain laster, zendu berri den Michel Bergouignan gogora ekarri dute. Halaber, kontrol judiziala dela eta, agerraldian parte hartu ezin duen Béatrice Molle-Haran kazetaria ere aipatu nahi izan dute. Michel Berhokoirigoin, Anaiz Funosas eta Anne Marie Michaudek hitza hartu dute Luhuson maiatzaren 16ean antolatu duten agerraldian. Bakearen artisauek "beti" argi izan dute desarmea burutzea bake prozesuaren etapa bat baizik ez zela.

Bakegileekin batera, kolore anitzetako eragile politiko, soziala eta sindikalak presente zeuden. Hala nola, Anita Lopepe EH Baiko kidea, Sylviane Alaux diputatu sozialista eta Alice Leiciaguezahar departamendutiko kontseilaria.

Apirilaren 8az geroztik bilan "baikorra" egin dute bakearen artisauek. Hainbat eragileekin harremanak izan dituztela azaldu dute. Etorkizunari begira, hiru arlo landuko dituztela aipatu dute: preso eta iheslariak, biktimak eta elkarbizitza.

Horretarako, bi erabaki hartu dituztela erran dute. Alde batetik, biktimen gaiari dagokionez lan talde bat osatzea. Bestalde, Luhusoko operazioaren lehen urtemugaren karietara, abenduaren 16ean mobilizazio bat antolatzea Parisen. Protestak euskal presoei aplikatzen dizkieten salbuespen neurrien bukaera fermuki eskatuko du. "Presoen gaia konpontzeko, salbuespeneko neurrietatik ateratzea lehen etapa gisa kokatzen dugu", erantsi dute.