Euskal selekzioaren aldeko ekimena antolatu dute surflariek

Euskal Herriko surflariek Biarritzen maiatzaren 20ean hasiko den herrialdeen arteko munduko surf txapelketan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute. "Euskaldunok Euskal Herrian, noski baietz" lemapean hainbat ekimen prestatu dituzte. Hala nola, txapelketa egunerako antolatu dituzten animazioak.

Haritz LARRAÑAGA|2017/05/15 16:50|0 iruzkin
0515_its_kartela
Euskal selekzioko kideek oraindik ez dakite modu ofizialean lehiatzerik izango duten.

Estatu frantseseko surf federazioak 2001. urtean Euskal Herriko surf selekzioari Hossegorren jokatu zen Europako surf txapelketan parte hartzea galarazi zionetik, euskal selekzioak ezin izan du gehiago txapelketa ofizialetan parte hartu, Garako artikuluak azaldu duenez.

Estatu espainiarreko federazioaren sorrerarekin, gainera, are eta zailago bilakatu zen euskal selekzioa nazioartean onartua izatea, espainiarren xede nagusietako bat, hain zuzen ere, horixe baitzen, euskaldunek nazioartean zuten presentzia desagerraraztea.

Azken urteetan, beraz, euskaldun askok nahi ez zuen hautua egin behar izan du, baita federatu behar zuten momentuan ere, Estatu espainiarreko federazioak ez baitzuen onartzen bi federaziotan izena emanda egotea. Orain, lehen aldiz, Olinpiar Jokoetan surfa ere beste kirolen pareko izango denean, goi mailako surflariak berriz ere frantziar edo espainiar selekzioa hautatzera behartu nahi dituzte.

Datorren maiatzaren 20tik 28ra bitartean Biarritzen izango den herrialdeen arteko mundu mailako txapelketa Olinpiar Jokoei begira dauden lehiakideentzako lehen urrats moduan uler daiteke, txapelketaren antolatzailea den ISA (International Surfing Asociation) erakundea baita Japonian izango diren Olinpiar Jokoetarako surfari dagokion atala kudeatzeko eskumena duen erakunde bakarra.

Biarritzen oraindik ez dago argi Euskal Selekzioak parte hartu ahal izango duen, hori argitzeko azken pausoak aste honetan bertan emango dira baina, edonola ere, Euskal Herri osoko surflariak elkartzen hasi dira ekimen xume baten bitartez mundu osoari jakinarazteko euskaldunek Euskal Herrian bertan ere, bigarren mailako hiritarrak balira bezala, parte hartzeko zailtasunak dituztela.

Eskutitza ISAri

Biarritzeko txapelketari dagokionez, zein urrats egin dira eta zeintzuk izango dira datozen egunetan egingo diren ekimenak? Lehen urratsa EHSF Euskal Herriko Surf Federazioak egin zuen, ISA erakundeari igorritako gutun baten bitartez Euskal Selekzioak parte hartzeko asmoa zuela iragarri zionean.

ISA da surf munduan "olinpiar labela" duen erakunde bakarra, eta orain gutxi arte indar handirik ez bazuen ere, 2020. urtean Japonian egingo diren hurrengo Olinpiar Jokoetan surfa ere egongo dela erabaki zenetik lehiaketa mundua guztiz aztoratu da.

Mundu guztia urduri jarri da, lehiakideek joko olinpikoetan egon nahi dute, beren gurasoek diru laguntzak eskuratzeko aukera usaintzen dute, surf elkarteetan zentzu berean doazen mugimenduak egiteko proposamenak mahaigaineratzen dira, eta ISAko txapelketek inoiz izan ez duten sona hartu dute.

Aurrez, modu ez ofizialean ISAk jada esan zuen euskal selekzioak ez duela parte hartzeko eskubiderik, estatu bat ez den heinean, ez baitu nazio bat ordezkatzeko eskumenik. Hawaii edo Tahiti herrialdeetako selekzioak onartzen ditu, ordea. Edonola ere, ISAk oraindik ez du erantzun ofizialik eman eta beraz, izena emateko data iraungi artean posible da baiezkoa ematea.

Izen-ematea lekuan bertan

Selekzio batek parte hartu ahal izateko, lehenik ISAren onarpena behar du; izan ere, horrela ez bada, aurrez internet bidez bete beharreko dokumentuetako lehen atala betetzea ezinezkoa da. Euskal Herria esaterako, ez da agertzen munduko herrialdeen artean; beraz, fitxa egiteko lehen galderan markatu beharreko aberria hautatzea posible ez denez gainerako ataletan ere ezin aurrera egin.

Hala ere, internet bidez egin behar izaten den lehen urratsa baino garrantzitsuagoa da txapelketa gunean bertan lehiaketa hasi aitzin aurreko lau egunetan izena ematea, hor ordaintzen baitu selekzioko kide bakoitzak dagokion diru kopurua.

Horregatik, datorren asteazkenean, hilak 17, euskal selekzioko kideen izenak ematera gerturatuko dira Biarritzera txapelketa honetarako espresuki sortu den Euskal Herriko Surflariak taldeko bi ordezkari.

Ordurako EHSF-k erantzun ofizialik jaso ez badu, izen-emate unean ISA erakundea baiezkoa edo ezezkoa ematera behartuta egongo da. Ezezkoa bada, euskal selekzioa txapelketatik kanpo geratuko da eta baiezkoa bada, lehen aldiz, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko surflariak batu dituen selekzioak mundu mailako txapelketa batean parte hartuko du.

Hautaketa irizpidea

Euskal Herriko Selekzioa osatzeko erabili den hautaketa irizpidea ohikoa da; hau da, mundu mailako QS rankinga oinarri hartuta, goitik behera, lehen postuetan diren lehiakideei euskal selekzioarekin parte hartu nahi al duten galdetzen zaie. Kasu honetan, ordea, bada berrikuntza bat, lehen aldiz Euskal Herri osoko surflarien emaitzak hartu baitira kontuan, eta ez orain artean bezala, Gipuzkoa eta Bizkaiko lehiakideenak soilik.

Zerrendako lehen postuetan diren surflariek jada hautua egin dute, batzuk espainiar selekzioan izango dira eta besteak frantsesean, baina gonbidapena berdin-berdin egin zaie, bai selekzioan parte hartzeko, baita honen aldeko ekimenetan parte hartzeko ere, horietako batzuek, parte hartu ahal izango dutela ziur balekite, euskal selekzioa hautatuko bailukete.

Norbaitek ezezkoa ematen duenean, rankingean bere atzetik dagoenari galdegiten zaio eta horrela baiezkoa lortu arte. Oier Illarramnedi, EHSF-ko kide eta hautatzailearen esanetan, "ez da erraza izaten ari selekzioa osatzea, batzuek jada beste federazio batekin konpromisoa hartu dutelako batetik, eta bestetik, lehiakide asko data berberetan Japonian izango den txapelketan parte hartzera joango direnez ez direlako Biarritzen izango".

Euskal Herriko Surflariak

Ez da talde edo erakunde antolatu bat, baizik eta Biarritzeko txapelketan egingo den euskal selekzioaren aldeko ekimena egiteko elkartu den surflari talde bat. Bertan euskal kostalde osoko surflariak daude, baina norbanako gisa parte hartzen dute, kide diren surf elkarte, federazio edo beste edozein talde ordezkatu gabe.

Euskal Herriko surflarien artean gainera, sentsibilitate oso desberdineko jendea dago; badira espainiar edo frantziar selekzioarekin bat egin arren euskal selekzioak ere parte hartzeko eskubidea duela pentsatzen dutenak, baita aukera izanda ere Euskal Herrikoa ez den beste edozein selekziotan parte hartzeari uko egingo lioketenak ere.

Eztabaidak izan dira, lemarekin, ekimena egiteko orduarekin, eta abarrekin, baina hala eta guztiz ere, guztiak ados jarri eta datorren larunbatean Biarritzeko Hondartza Handian izango den ekimena antolatzeko gai izan dira.

Lema "Euskaldunok Euskal Herrian, noski baietz" izango da. Aizkolariak, trikitilariak eta txalapartariak izango dira, eta euskal selekzioko kideekin batera, surf saio bat egiteko aukera ere izango da. Gonbita, noski, surflari izan ez arren, aldarrikapenarekin bat egiten duen orori zabaldua da. Giro ederra izango da beraz, Biarritzen, datorren larunbatean.

Legebiltzarra selekzioarekin

Iragan den ostiralean Euskal Herriko Surf Selekzioak txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea duela dioen arau proposamen bat onartu zen Gasteizko legebiltzarrean, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE alderdien babesarekin.

Bi puntuko idatzian, Euskal Herriko Surf Federazioari ere zuzentzen zaio Legebiltzarra, "federazioak ekitaldi horretan izango duen parte hartzearen xehetasunak aditzera emateaz gain, kirol zuzendaritzarekin elkarlana abiatzeko".

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK