Kazeta

Aliantzak baldintzatu dituen hautagaiak aurkeztu ditu La République En Marchek

Emmanuel Macronek bere mugimenduko hautagaiak aurkeztu ditu maiatzaren 11n. MoDem alderdiarekin adostutako aliantzak baldintzatuta, laugarren eta bosgarren bozkaguneko hautagaien izenak jakinarazi ditu Estatu frantseseko lehendakari berriak. Departamenduko France Insoumisek alderdi komunistari ateak hesten ez dizkion bitartean, hiru boz guneko hautagaiak zeintzuk diren azaldu du.


Jérémy Farge France Insoumise alderdiko hautagaia bosgarren bozkagunean.
Jérémy Farge France Insoumise alderdiko hautagaia bosgarren bozkagunean.

Nahiz eta La République En Marche alderdiko hautagaien zerrenda osoa oraingoz ezezaguna den, Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko diren 428 izen jakinarazi ditu Emmanuel Macronek. François Bayrou MoDem mugimenduko buruarekin lortutako akordioari esker, departamenduko ordezkariek beren hautuari lehentasuna eman ahal izan diote. Hala ere, zerrenda argitaratu bezain laster, Bayrouk bere desadostasuna adierazi du. Hain zuzen, hautagaien hautuak bere alderdiaren oniritzia ez duela azaldu du.

Ipar Euskal Herrian LRE mugimenduko hautagaiak aurpegi ezagunak direla erran daiteke. Hain zuzen, Florence Lasserre, Jean-Jacques Lasserre senatariaren alaba, bosgarren bozkaguneko hautagaia izanen da. Lasserren alaba Modemeko kidea eta Angeluko hautetsia ere bada, eta   Ipar Euskal Herrian En Marcheko bozeramailea den Etienne Boutonnetren hautagaitzari irabazi dio.

Laugarren bozkagunera dagokionez, Loic Corrège militarra aurkeztuko da. Baionan bizi den hautagaiak gizarte zibilaren ordezkaria izanen dela dio. Oraingoz, seigarren boz guneko hautagaia ezezaguna da. Batzordeak ez du oraindik bere hautua egin. François Amigorena Biarritzeko hautetsia eta Vincent Bru Kanboko auzapeza postuarentzat lehiatuko direnak lirateke.


Ateak idekiak

France Insoumisek ere hiru bozkaguneko hautagaiak azaldu zituen atzo. Didier Bayens laugarren bozka gunean aurkeztuko da eta Marie Agras bere ordezkoa izanen da. Halaber, bosgarren bozkagunean Jérémy Farde izanen da eta Patricia Leuenbergerrek ordezkatuko du. Azkenik, Christine Labrousse seigarren boz guneko France Insoumisen hautagaia izanen da. Benito Zubeldia Hendaiako hautetsi ohia bere ordezkoa izanen da.

Jean-Luc Mélenchonen alderdiak bere hautagaiak aurkeztu zituen bitartean, Pirinio Atlantikoetako alderdi komunistak bozkagunetan batzeko deia luzatu du. Nahiz eta alderdi komunista behin baino gehiagotan entseatu den, France Insoumise alderdiarekin elkartzeko saiakerek ez dute fruiturik ekarri. Estatu frantses mailan ez bezala, Ipar Euskal Herriko France Insoumiseko hautagaiek ez diete atea hetsi alderdi komunistakoei.

Farge eta Leuenbergerrek izenpetutako agiri batean honakoa aipatu dute: "Indar progresista eta herritar guztiekin elkartzeko prest gaude". Alderdi komunistari ere deia luzatu dietela nabarmendu du Leuenbergerrek.