Arno dastatze artistikoa Etxauzia gazteluan

Baigorriko Etxauzia gaztelua berreskuratzeko abiatu duten "Zabal eta bizi" kanpainaren karietara, arno dastatze artistikoa antolatu dute maiatzaren 13rako. Euskal Herri osoko markak dastatzen ahalko diren ekimenaren sarrerak salgai daude.

Kazeta|2017/05/11 15:30
0504_p016_gaztelua
Etxauzia elkarteak gazteluaren erosteko diru bilketa kanpaina bat abiatuko du. © DR

"Zabal eta bizi" Etxauzia Nafartarren Etxea elkarteak martxan jarri duen bigarren kanpainaren izenburua da. Egitasmoaren xedea Baigorriko gaztelua berreskuratzea da euskal kultura eta ondareari buruzko zentro bat sortzeko. Larunbatean antolatu duten arno dastaketa artistikoak kanpaina berriari ekarpen bat egiteko xedea du.

Arratsaldeko 19.30etatik aitzina Mikel Garaizabal enologoak gidaturik, Euskal Herri osoko jatorrizko marka ezberdinetako ardoak dastatzeko parada eskainiko dute. Ikusgarri artistiko batek alaituko du ekimena. "Silueta misteriotsu batek koadro erraldoi bat margotuko du, zuzeneko musika eta bideo sorkuntzaz lagundurik". Gainera, bi aktorek "zerbitzari, kantari, poeta eta zirikatzaile lanak" eginen dituzte.

Ipar Euskal Herriko sor-marka nagusiek ekimena babestu dute. Hala nola, Ossau-Iraty, Ezpeletako Piperra, Kintoa Xingarra eta Irulegiko Arnoa. Hori dela eta, tokiko produktuak ere dastatzen ahalko direla azaldu dute antolatzaileek.

Ekimenaren sarrerak Etxauziaren webgunean salgai daude. Arno dastaketa, afaria eta ikuskizun artistikoaren txartelak 15 euroko kostua du.