Iurre BIDEGAIN

Luma haurtzaindegi ohiko burasoak 'haserre' daude

Departamenduak hartu duen erabakiaz damutu dira Luma haurtzaindegi ohiko burasoak. Haurtzain autonomoen egitasmoari lehentasuna eman izana leporatu diete departamendu eta Ziburuko Herriko Etxeari.


 

Ttipi Ttapa elkarteko burasoen agerraldia Ziburun. © Ttipi Ttapa elkartea
Ttipi Ttapa elkarteko burasoen agerraldia Ziburun. © Ttipi Ttapa elkartea

"Haserre" daudela aitortu du Maitena Iriarte Luma haurtzaindegi ohiko burasoak. Beren egoera azaltzeko Ziburuko plazan elkartu ziren maiatzaren 6ean. Burasoek osatu zuten Ttipi Ttapa elkarteak aurkeztutako egitasmoa errefusatzea erabaki dute departamenduak eta Herriko Etxeak. Haurtzain autonomoen proiektua hobetsi dute.

Oroitarazi behar da otsailaren 6ean erakundearen barne arazo baten eraginez, Luma haurtzaindegi euskalduna hestea erabaki zutela. Langileak kanporatu zituzten eta horiek Lan auzitegira jotzea erabaki dute.

"Haurrek erreferentzia gunea galdu zuten. Egun batetik bestera ez ziren gehiago haurtzaindegira joan. Ez zituzten gehiago ikusi horietaz arduratzen ziren profesionalak, ezta beren lagunak ere", deitoratu dute elkarteko kideek.

Burasoek aterabide bat bilatzeko xedez, haurtzaindegi euskalduna "parte hartzailea eta demokratiko" baten sorrerari pentsatu zuten. Proiektu berria Herriko Etxea, PMI eta CAF egiturei aurkeztu zieten. Baina, Ttipi Ttapa elkartea ez zen bakarra izan proiektu bat aurkeztu zuena. Haurtzain autonomo batzuek euskaraz zerbitzu bat eskaintzeko egitasmoa aurkeztu zieten erakundeei. Azkenean, horren alde jo dute.

Haur "euskaldunen eskubideen alde"

Elkarteak jaso duen agirian "ondorio judizialak agertu daitezkeela" diote. Maitena Iriartek horri buruzko informazio gehiagorik ez dutela aipatu du. Kanporatuak izan ziren langileei lotua izan daitekeela uste dute. Hala eta guztiz ere, beren proiektua errefusatu izana "injustizia" bat iruditu zaie.

"Uste dugu hasieratik Herriko Etxeak erabakia hartua zuela eta ez zigula deus erran. Burasoek lan asko egin dute, deusetarako", erantsi du. Argi utzi nahi dute ez direla haurtzain autonomoen proiektuaren kontra. "Bi aukerak nahi ditugu eta burasoek hautatzeko parada izatea nahi dugu", aipatu du. Ildo horretatik, "frantsesez hitz egiten duen haur batek dituen eskubide berak aldarrikatzen" dituzte.

"Borrokatzen segituko" dutela azpimarratu du. Horretarako, jadanik inguruko Herriko Etxeekin hitzorduak hartzen hasi dira. "Ziburun ez dugu lortu, baina ondoko herritara joango gara", azaldu du amak.