Titto BETBEDER

Aie Aie Aie Kamarada, nola aldatu(tzen)(ko) diren gauzak...2

IRITZIA- Le Goarning bikotearen istorioa gogora ekarri ondoren, izenak emateko ohiturak baita legeak ere nola aldatu diren azaldu du Euskal Irratietako kideak. "Gaur egun, erran bezala, modan daude bertako izenak, normaltasun osoz ematen dira, eta kasu batzuetan ere integratzeko molde bat bilakatu da".

Ttitto Betbeder iruditan.
Ttitto Betbeder iruditan.

Garlonn, Patrig, Katell, Yann, Morgan, Gwendal, Diweza, Sklerijenn, Brann, Adraboran, Gwenn eta Maiwenn. Horiek dira Patrick eta Mireille Le Goarnig-en 12 seme alaben izenak.

1946 urtean, lehen semea sortu zaio Le Goarnig bikoteari eta buraso gazteek izen bretoia eman nahi izan zioten. Baina garaiko Estatu Zibileko funtzionarioak ez zieten onartu; batailaz bataila hautsi mautsi bat atzeman zuten eta administrazioak onartu bi izen ematea: izen "ofiziala" frantsesez, eta aita-amek nahi zuten izena bretoieraz. Hori onartu lehen sei seme alabentzat baina zazpigarrenarentzat, asperturik komedia horrekin, Goarnig Kozh-ek (kozh = zaharra) deliberatu du ez zuela gehiago onartuko. Jakin behar da garai horretan izenak emateko lege bat bazela 1803. urtekoa, eta legeak zion bakarrik "egutegian agertzen ziren izenak" bai eta pertsonai historikoen izenak onartzen ahal zirela.

Hots, Napoleon bat onartzen ahal zela baina Morgan ez. Bataila luze baten ondotik, lege aldaketa bat izan da 1966an eta geroztik onartuak dira gure Oihana, Antton, Iban, Nolwenn, Guilhem arruntak (eta modan) bilakatu diren horiek. Eta hori, Goarnig Kozh tematu baita 20 urtez. Eta ez pentsa erraz izan denik; ondorioak izan dira: azken 6 seme alabak ez dira ezagutuak izan eta ondorioz, frantses herritartasuna ukatua izan zitzaien; ondorioz, seguritate sozialean ez dira ezagutuak izan, eta abar luze bat… Europari esker, bataila hori irabazi dute. Pentsa "decheance de nationalite" delakoa, haiek pairatu dute… eta bai iritzi honek badu gaurkotasunarekin zer ikusirik ere; Frantzia presidentzialerako kanpaina pasa ondoren, oroit araz dezaket Marine Le Pen-ek kritikatu egin zuela Jean Yves Le Drian Ministroak izen ttipi bretoiak eman zizkiela bere haurrei eta "Frantses haur guziei izen frantsesak jarri behar zaizkiela".

Gaur egun, erran bezala, modan daude bertako izenak, normaltasun osoz ematen dira, eta kasu batzuetan ere integratzeko molde bat bilakatu da.

Hala eta guztiz ere, Le Goarnig-en istorio horrek, ez dena hain zaharra, agerian uzten du nola kontsideratuak ziren gure hizkuntzak ez hain aspaldi, zer ondorio sozial eragiten zuen horrelako egoerak, eta zer ondorio duen gaur egun oraindik...