Sasiko Gaztetxearen kontrako erasoa salatu dute

Hendaiako Sasiko Gaztetxea erasotu dutela salatu dute bertako kideek. Epaileen esku dagoen prozedura judiziala dela eta, "mehatxu" bat izan daitekeela uste dute.

Kazeta|2017/05/09 11:35|0 iruzkin
18402645_1814010518925767_2339859845194003888_n
Erasoa igande gauean iragan dela diote gaztetxeko kideek. ©Sasiko Gaztetxea

Erasoa maiatzaren 7ko gauean iragan zela azaldu dute kideek. Gazte batek erran duenez, Gaztetxera ailegatu zirenean erasoaz jabetu ziren. Hain zuzen, sarrerako sarraila hausten saiatzeaz gain, hainbat leiho suntsitu zituztela aipatu du. Oroitarazi behar da, iragan astean, Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketa aztertu zutela Baionako epaitegian. Ekainaren 7an deliberoa jakinaraziko du epaileak.

Prozedura judiziala dela eta, "mehatxu" bat izan daitekeela uste du kideak. Erasotzaileak Gaztetxera ez direla sartu azpimarratu du. Argazkietan ikusten den bezala, aizkora atean bertan utzi zuten.

"Horrelako erasoek gure lana moteldu beharrean, aurrera segitzeko gogo handiagoa ematen digu. Gaztetxeak Hendaiako herriari egin dion ekarpena ikusirik, ulertezinak zaizkigu hau bezalako erasoak", erran dute gazteek sare sozialen bidez.

APHP Pariseko Ospitaleak erakundeak jarri du Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketa. Felipe Aramendi gazteen abokatuak azaldu duenez, instituzioak gazteak sartu direnez geroztik, hilabetero bost ehun euro pagatzea eskatu du. Galdea onartuko ez balute, kalte moral gisa, 1.500 euro galdegiteaz gain, abokatua eta auzi gastuak pagatzea nahi lukete.