Iurre BIDEGAIN

Partaidetzen garapenak berritasunak dakartza Elepika festibalean

Maiatzaren 10etik 20ra antolatu duten Elepika festibalak programa anitza eskainiko du. Aniztasun hori bigarren edizioan plantan ezarri duten partaidetzari esker garatu dute. Zinea eta musikari buruzko ekimenek liburutegi eta mediateken beste irudi bat eskainiko dute: elkargunearena.

Uztaritze, Kanbo eta Itsusoko liburutegi eta mediatekek Elepika festibalean parte hartuko dute. ©Ione Josié
Uztaritze, Kanbo eta Itsusoko liburutegi eta mediatekek Elepika festibalean parte hartuko dute. ©Ione Josié

Alde batetik, euskal hiztunei euskaraz bizitzeko aukera eskaini. Bestalde, mediateka eta liburutegien beste irudi bat proposatu, hots, elkargunearena. Bizi gunearena. Elepika festibalaren helburuak horiek dira. Maiatzaren 10etik 20era iraganen den bigarren edizioko programan "Booktrailer" ekimena bezalako berritasunak topatu daitezke. Kanalduderekin lortutako partaidetzari esker antolatu duten lehiaketa.

Partaidetzaren garapena goraipatu du euskara zerbitzuko ordezkaria den Ione Josiék. Xalbador eta Saint Michel Garikoits kolegioko bosgarren mailako ikasleek lehiaketan parte hartu dute. Hasiera batean, Kanaldudek irakasleei formakuntza bat eskaini die. Gidoi bat nola egin, zein errekurtso erabili eta bideo bat nola editatu irakatsi die, besteak beste. Ondoren, komunikabideko kideak klaseetara joan dira. Nahiz eta Errobiko lau kolegioetatik bik soilik parte hartu duten, kolegio guztietako irakasleak presente zeudela erran du teknikariak.

Orotara, hogeita hamar trailer jaso dituzte antolatzaileek. Publikoaren sariaren bidez hoberena hautatuko dute. Kanalduden ikusgai dira eta bozkatzeko aukera maiatzaren 12a arte idekita dago. "Bilan baikorra egiten dugu. Oso ludikoa izan da eta gainera irakurketa bizitzeko beste modu bat eskaini die gazteei", aipatu du.

Gisa berean, EHUko irakaslea den Josu Martinezekin ere eskuz-esku Masterclass bat proposatuko du aurtengo Elepikak. Hain zuzen, zinemagile eta idazleak "Ikusezina ikusgarri: Honela eraikitzen dut filma bat" lemapean bere lekukotasunean oinarrituz hainbat galderei erantzungo die.

Herri bakoitzak jarduera bat proposatu duela aipatu du ordezkariak. Hala nola, Uztaritzek musikari buruzko ekimenak antolatu ditu. Maiatzaren 12an 20.30etan Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta hitzaldi-kontzertu bat eskainiko dute: "Haga, biga, higa". Gainera, biharamunean, "Boom-Tchack" deituriko sorkuntza tailerra proposatuko dute herriko mediatekan. Instrumentu elektroniko edo informatikoen bidez musikara hurbilduko dira parte hartzaileak.

Elkarlana sendotuz

Lehen edizioaren helburu nagusienetariko bat Errobi ibarreko liburutegi eta mediateken elkarlana sendotzea zen. Geroz eta zentro gehiagok parte hartzea nahi zuten. Josiék azaldu duenez, iazko mediateka eta liburutegiaz gain, besteak ez dira animatu.

Haatik, parte hartzen dutenen artean elkarlana sendotzen ari direla azpimarratu du. Urtean zehar antolatu dituzten ekimenak horren isla dira. Hala nola, Uztaritze eta Itsasuko Gau eskolekin batera prestatu dituen Mintz' Aperoak.

Elepika festibalaren programa osoa hemen ikusgai.