Kazeta

Emmanuel Macronek emaitza hobeak egin ditu Ipar Euskal Herrian

Emmanuel Macron aise izan da garaile Ipar Euskal Herrian bigarren itzulian, eta Estatu frantseseko emaitzekin konparatuz tarte handiagoa markatu du Marine Le Pen Front Nationaleko hautagaiarekin.

Emmanuel Macronen jarraitzaileak Baionako Aviron Brazerian elkartu dira. © Aurore LUCAS
Emmanuel Macronen jarraitzaileak Baionako Aviron Brazerian elkartu dira. © Aurore LUCAS

Lehen itzulian joera argi azaldu zen. En Marche!-ko hautagaia izan zen bozkatuena Euskal Herrian duela hamabost egun, eta euskal lurraldeetan laugarrena izan zen Marine Le Penekin batera pasa zen bigarren itzulira. Frantziako presidentea hautatzeko bigarren itzulian ez zegoen, beraz, sorpresarako tarterik, Estatu frantsesean baino ahulagoa baita Le Pen Euskal Herrian.

Estatu frantsesean garaileak %65,8 lortu du eta galtzaileak %34,2. Euskal Herrian, aldiz, herriz herri heltzen ari diren datuen arabera, Macron %75etik gora ari da lortzen leku gehienetan. Le Penek ez du herri bakar batean ere irabazi, lehen itzulian batean irabazi zuen bitartean: Zuberoko Etxarrin. Bigarren honetan, ordea, Macronek irabazi du hor ere.

Baionan elkartu dira En Marche mugimenduko militanteak emaitza horiek ospatzeko. Pozik agertu dira Avironeko Brazerian elkartu diren 60 bat pertsonak. Gauaren bigarren partera heltzean festa giroa piztu da gelditzen ziren 20 bat kiderekin. Hala ere, hauteskunde hauetan izan den abstentzioaz eta izan diren bozka xuri kopuru handiaz jabeturik, "orain hasten da dena" erranez adierazi du Nathalie Niel tokiko arduradunak hemendik aitzina indar politikoak Macronen inguruan batzeko gelditzen den lan zama.

Ipar Euskal Herrian joan den irailetik goiti antolatzen hasi ziren bederatzi sustengu komite daude. Haien lana orain Emmanuel Macroni frantses legebiltzarrean indar aski ematea izanen da. Horretarako François Bayrou Modem alderdiko lehendakariaren eskaerak ere kontutan hartuz, aurpegi berriak aurkeztea izanen da lehen desafioa. Bigarrena ondoko alderdiekin batasun dinamika bat sortzea, iraunkorra ala puntuala.

LR karta itzuli

Baionako gaualdian aurpegi ezagun batzuk agertu dira, hala nola, Modemeko Michel Veunac Biarritzeko auzapeza, Ezkerreko Alderdi Radikaleko Guy Lafite Biarritzeko axuranta, François Amigorena Biarritzeko axuranta eta Christian Millet-Barbé Baionako axuranta.

Azken hau Les Républicains alderdiko ordezkaria orain arte, karta itzuli eta En Marche mugimenduan sartu da hauteskundeen lehen itzulia baino lehen. Bere ideiak mugimendu berriarekin konpatible direla baieztatu du. Legebiltzarreko hauteskundeetan "Les Républicains alderdiko hautagaiak izango dira, noski, En Marche-en etiketaren pean", adierazi du.

Abstentzioari dagokionez, aldiz beste tokietan bezain azkarra izan da Ipar Euskal Herrian eta Biarnoan. Lurralde horietan parte hartzea %78,04koa izan da, Estatu frantsesean %77,77-koa izan denean.

 

Hona Ipar Euskal Herriko kantonamenduetan bi hautagaiek lortu dituzten emaitzak:

Emmanuel Macron, En Marche:

Angelu: %78,26 
Baigura Mondarrain: %73,20 
Baiona 1: %80,07 
Baiona 2: %70,97 
Baiona 3: %79,70 
Biarritz: %79,70 
Hendaia-Hego Lapurdi: %76, 22 
Euskal Mendia: %77,75 
Errobi-Aturri: %71,64 
Bidaxune-Amikuze-Oztibarren: %75,39 
Donibane Lohizune: %78,59 
Uztaritze-Errobi Urdazuri haranak: %76,23 

Marine Le Pen, Fronte Nazionala:

Angelu: %21,74
Baigura Mondarrain: %26,80
Baiona 1: %19,93
Baiona 2: %29,03
Baiona 3: %20,30
Biarritz: %20,30
Hendaia-Hego Lapurdi: %23,78
Euskal Mendia: %22,25
Errobi-Aturri: %28,36
Bidaxune-Amikuze-Oztibarren: %24,61
Donibane Lohizune: %21,41
Uztaritze-Errobi Urdazuri haranak: %23,77