Iurre BIDEGAIN

'Goiz edo berant, kanporatze erabakia gauzatuko da'

Hendaitz elkartearen kontrako salaketa aztertu zuen barda Baionako instantzia epaitegiak. Epaileak Sasiko Gaztetxeari buruzko erabakia ekainaren 7an jakinaraziko du. Elkartearen abokatua den Felipe Aramendik akusazioa eta defentsaren eskakizunak zeintzuk diren azaldu du.

Nola pasa da Sasiko Gaztetxearen kontrako auzia?

APHPren abokatuak bere galderak egin ditu. Kanporaketa aldarrikatzeaz gain, diru eskaerak egin ditu. Hau da, nahi du gazteek, sartu direnez geroztik, hilabetero bost ehun euro pagatzea. Erran nahi baita, ekainaz geroztik, joango diren eguna arte. Bigarren eskaera honakoa da: lekua zen bezala utzi behar dutela.

Auzitegiak ez badu lehen galdera onartzen, orduan, abokatuak 1.500 euro galdegin ditu kalte moralentzat. Halaber, abokatua eta auzi gastuen pagatzea eskatu du.

Zein da zure defentsaren argumentazioa?

Gure defentsan, prozedura mailako argumentazio bat gaineratu dut. Hau da, galdera hori ez zela Auzitegi horren aitzinean egin behar. Hain zuzen, atzoko saioa instantzia epaitegian iragan da. Epaitegi horrek horrelako galderak onartzen ahal ditu frogatzen bada legez kanpoko okupazioa bizitzeko egiten dela. Guk frogatu dugu okupazioa ez dela egin bizitzeko, baizik eta elkarteak hainbat ekimen antolatu ahal izateko. Hor ez da nehor bizi. Galdera ezin da epaitegi horretan egin, baizik eta auzi zibilen auzitegian.

Oroitarazi dut APHPk etxe hori jaso zuela sozial mailako ekintzak egiteko. Ez du sekulan baldintza hori bete eta gainera, etxea abandonatu du hainbat urtez. Gazteek jabeek nahi zuten bokazioa eman diote eraikinari. Erran nahi baitu, sozial mailako bokazioa.

Gainera, eskakizun ekonomikoak ezeztatzea galdegin dut. Azaldu dut APHPk ez zuela kalterik ukan afera horretan. Ez zuen baliatzeko asmorik. Egiten dituen diru eskaerak ez dira funtsezkoak eta ez dira onartu behar.

Epaileak salaketa onartzen badu zer gertatu lieke gazteei?

Gure argumentazio guztia ez badu kontutan hartzen, kanporatzeko erabakia hartuko du. Gero, ikusiko da diru galdeak onartzen dituen edo ez. Kanporatze erabakia memento batean martxan jarriko du. Ez baldin badira haien borondatez joaten, bortxaz joanaraziko dituzte. Horrek guztiak denbora hartuko du.

Gazteek helegitea aurkezteko parada dute?

Bai, beti parada hori bada. Juridikoki balio duen edo ez aztertu beharko da. Goiz edo berant kanporatze erabakia gauzatuko da. Hori argi da, juridikoki ez baitute hor egoteko eskubiderik.

Kontziente dira horretaz gazteak?

Bai, arrunt. Nik hastapenetik erran diet goiz edo berant eroriko dela. Gure helburua da denbora irabaztea eta diru galdera horiek baztertzea. Ezin badira baztertu, gutxitzea.