Kazeta

Etxarriko gazteluaren salmenta auzitara ekainaren 12an

AFMR formakuntza zentroko salmentaren kontra helegite bat aurkeztu du Etxarri kolektiboak. Errekurtsoa aztertuko dute ekainaren 12an Baionako epaitegietan. Taldeak, gaztelua berreskuratzeko xedez, mobilizatzeko deia luzatu du.

 

Etxarriko AFMR zentroko salmenta salatu zuen kolektiboak.
Etxarriko AFMR zentroko salmenta salatu zuen kolektiboak.

Elgart gaztelua berreskuratzeko eta formakuntza zentroa berriz ere ondare publikoa bilakatzeko, errekurtso bat aurkeztu du Etxarri kolektiboak. Hain zuzen, salmentaren kontrako helegite bat. Kasua Baionako epaitegian aztertuko dute ekainaren 12an. Etxarri kolektiboak salmenta berriz ere deitoratzeaz gain, sostengua erakutsi die urtarrila bukaeran kanporatu zituzten sei langileei.

Oroitarazi behar da, Etxarriko Baserrien Heziketarako Elkarteak (AFMR frantsesez) Etxarriko formakuntza zentroa saldu ziola iaz Saint-Pie X anaidiari bere eskola pribatua lekuz aldatu dezan. Erabakiaren kontra jo du kolektiboak hainbat mobilizazioen bidez.

Hala nola, azken hilabete honetan Ipar Euskal Herriko auzapezei gutun bat bidali die laguntza eskatzeko xedez. Protesten bidez, taldeak gaztelua berriz formakuntza zentroa bilakatzea nahi du. Hots, publikoarentzat zerbitzu tresna bat izatea nahi du.

Mobilizazioak "handitu"

Barthélémy Aguerre, AFMR elkarteko presidentea eta zuzendaritzak izandako jokaera "ezin onargarriak" deitoratu ditu taldeak. Beren aburuz, zentroa "sekretuki eta bizkortasunean" hustu dute.

Halaber, "ez onargarria" iruditu zaio Bernard Casabonne auzapezak anaidiari lekua eman izana. "Honela bilakatzen dira eskuin muturrari loturiko integrista katolikoen infiltrazioaren eta zabaltzearen laguntzaile, demokraziaren eta laikotasunaren ideia suntsitzea helburu dutenak", erantsi du.

Salmentaren kontra mobilizazioak segitzeko eta "handitzeko" deia luzatu du kolektiboak. Izan ere, errekurtsoa aztertuko duten egunean, 09.30etan, Baionako epaitegira hurbiltzeko gonbidapena egin du. "Elkarrekin, interes orokorraren dinamizazio polo bat egin dezagun Etxarrin, leku hori
askatzeko, Euskal Herri barnekaldearendako!".