Kazeta

Abere hilketarik ez da izanen Gabadi, Domintxine eta Barkoxen

Hegazti gripea dela eta, Domintxine, Barkoxe eta Gabadiko hiru etxaldeetan hil nahi zituzten kabalak "salbatuak" direla azaldu du ELB sindikatuak. Oilo eta ahateak zaintze sanitario pean ezarriko dituztela erran du. Azken asteetako mobilizazioek aterabide onargarria lortzea ahalbidetu dutela uste du.

Kabalen hilketa oztopatzeko mobilizazioak burutu zituzten Domintxinen.
Kabalen hilketa oztopatzeko mobilizazioak burutu zituzten Domintxinen.

"Kabale sanoak salbatuak dira, zaintze sanitarioa onartu du administrazioak". ELB sindikatuak albistearen berri eman du agiri baten bidez apirilaren 26ean. Hegazti gripea dela eta, Laborantza Ministeritzak Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldeetako kabalak hil nahi zituen. Erabakiaren kontrako mobilizazioek neurria ez plantan ezartzea lortu dute.

Sindikatuaren erranetan, oilo eta ahateak zaintze sanitario pean ezarriko dituzte. Prefekturak hiru etxaldeetara agiriak bidali ditu erabakiaren berri emateko. Hiru ekoizleek analisiak egin beharko dituzte kabalak sanoak daudela frogatzeko. Hain zuzen, hogeita bat egunero egin beharko dituzte.

ELBren aburuz, azken asteetako "argumentu sanitario azkarrak" gaineratu dituzten mobilizazioak funtsezkoak izan dira kabalak salbatzeko. Haatik, ekoizleek eskuratu dituzten agiriek, analisien kostu "ikaragarriek" eta Estatuko populakuntzaren babeserako DDPP zerbitzuaren jarrerak administrazioak "mehatxatzeko arma guztiak erabiliko dituela" pentsarazi diote sindikatuari. "Bistan da, ez dugu horrelakorik onartuko edozein jazarpen agertzen balitz ondoko egunetan", erantsi du.

Sindikatuak dioenez, burututako protestetan jendea mobilizatu da "kalitatezko laborantza eta kalitatezko janaria sostengatzeko". "Modelo industrialen ondorio kaltegarrien kontra eta botere publikoen gogortasunaren kontra", gehitu du. Etorkizunari begira, hurrengo erronka etxaldeen arriskuak kontutan hartuko dituen "bio-segurtasun normak" onartaraztea dela aipatu du.