Kazeta

Hauteskundeetako lehen itzulia: ihardokipen politikoak

Emmanuel Macronek bozen gehiengoa eskuratu du Ipar Euskal Herrian. Tokiko hautetsiek lehen itzuliari buruzko usteak plazaratu dituzte. Gehiengoak Marine Le Pen Fronte Nazionalaren hautagaitzaren kontra jo du.

Ipar Euskal Herriko eragile politikoen gehiengoak Macronen alde bozkatzeko deia luzatu du. ©Kazeta
Ipar Euskal Herriko eragile politikoen gehiengoak Macronen alde bozkatzeko deia luzatu du. ©Kazeta

Emmanuel Macron En Marche mugimenduko hautagaia eta Marine Le Pen Fronte Nazionaleko kidea Estatu frantseseko lehendakaritzako hauteskundeen bigarren itzulian lehiatuko dira. Ipar Euskal Herriko hautetsiek bere iritzia plazaratzeaz gain, maiatzaren 7an iraganen den bigarren itzulian noren alde bozkatuko duten aitortu dute.

Max Brisson departamenduko Errepublikanoak alderdiko lehendakariordea. "Zalantzarik gabe" Macronen alde bozkatuko duela argi utzi du. Bere aburuz, Marine Le Penek galdu duela kontsideratzea "lanjerosa" litzateke. Fronte Nazionaleko hautagaiaren programa bere sinesmenen kontra doala nabarmendu du. "Europak santza bat irudikatzen du Estatu frantsesarentzat, ez da oztopo bat".

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta departamenduko UDI alderdiko lehendakaria. Estatu frantseseko bizi politikoaren aurpegia aldatu dela uste du. "Macronen alde bozkatzeko deia luzatu dut, noski. Lehendakaritzaren hautaketa gauza bat da, Gobernuaren osaketa beste bat", erantsi du. Bere iritziz, baterakidetasunaren aukera izan daiteke. Haatik, "ez litzateke bide hoberena izanen proiektu politiko bat gauzatzeko".

Sylviane Alaux diputatu sozialista eta legebiltzarretako hautagaia. "Benoit Hamon gaur egungo gizartearen errealitatea kontutan hartzen dituen proposamen berritzaileak egin dituen bakarra izan da", aipatu du. Lehen itzuliko emaitzekin "ez satisfos" dagoela aitortu du. Bigarren itzuliari begira nor bozkatuko duen galdegiterakoan, honakoa erantzun du: "Dena egin behar da Fronte Nazionala geldiarazteko".

Alain Rousset Akitania Berriko lehendakari sozialista. "Alderdi sozialista ez da Benoit Hamonen hautagaitzarekin bukatzen. Etorkizunari begira, sortzaileak sostengatu eta sufritzen dutenak defenditu behar dira", erantsi du. Bere iritziz, alderdi sozialistaren xedea Gobernua osatuko duen gehiengoaren parte izatea da.

Colette Capdevielle alderdi sozialistako diputatua, baita legebiltzarretako hautagaia ere. Lehen itzulian eskuina baztertzea "hondamen izugarri" bat dela uste du. Brissonek egin bezala, "zalantzarik gabe" Macronen alde bozkatu behar dela dio. "Zer nahiago dugu? Europaren alde dagoen hautagaia, mundializazioan gure tokia berreskuratzeko herritar frantsesak bildu nahi dituena. Edo, bazterketa, gorrotoa eta Europa suntsitu bat nahi duen alderdi xenofobo bateko hautagaia?", galdetu du. Historikoki ezkerrak lortu dituen emaitza apalekin, "ez satisfos" dagoela aitortu du.

Jean-Jacques Lasserre departamenduko MoDem kontseiluko lehendakaria. Emaitzekin "satisfos" sentitzen dela erran du. "Marine Le Penen alde bozkatzea ez errateak, Macronen alde argi jo gabe, Fronte Nazionalari, inplizituki, mesede eginen dio", azaldu du.