Kazeta

Bigarren itzulian lehiatuko dira Macron eta Le Pen

Hamaika hautagaietatik, Emmanuel Macron eta Marine Le Pen boz gehien lortu dituzten hautagaiak dira. Horiek horrela, maiatzaren 7an iraganen den bigarren itzulian lehiatuko dira.

Lehendakaritzako hauteskundeen bigarren itzulia maiatzaren 7an iraganen da. ©Kazeta
Lehendakaritzako hauteskundeen bigarren itzulia maiatzaren 7an iraganen da. ©Kazeta

Emmanuel Macron En Marche mugimenduko burua eta Marine Le Pen Fronte Nazionaleko hautagaiak Estatu frantseseko lehendakaritza lortzeko lehiatuko dira maiatzaren 7an. Barne Ministeritzak zabaldutako datuen arabera, Macronek bozen %23,7a lortu du. Le Penek, ordea, %21,5a.

François Fillon kontserbadorea hirugarren agertu da eskuratu dituen bozen %19,9ari esker. Jean-Luc Mélenchon Frantzia intsumituko hautagaiak bozen %19,6a lortu du.

Orotara, 44,6 milioi herritar bozkatzera deituak ziren apirilaren 23an. Datu ofizialen arabera, parte hartzea %78,69koa izan da. 2012an iragan ziren lehendakaritzako azken hauteskundeetako lehen itzulian parte hartzea %79,48koa izan zen. Bigarren itzulian, %80,35koa izan zen.

Alde batetik, Le Pen pozik agertu zen emaitzekin. Hain zuzen, emaitza "historikoak" direla nabarmendu zuen. Bere agerpenean, "Estatu frantsesa askatzeko deia" luzatu zuen. "Estatu frantsesaren biziraupena jokoan dago", gehitu zuen. Bestalde, Macronek eskuin muturrari aurre egiteko bere alde bozkatu behar dela aipatu zuen. "Urte batez, Estatu frantseseko bizi politikoaren aurpegia aldatu dugu", azpimarratu zuen.

 

Emaitza ofizialak jakin bezain laster, beste hautagaiek beren balorazioa egin zuten eta bide batez, beren sostengua jasoko duten hautagaiaren izena jakinarazi zuten. Benoît Hamon eta François Fillon beren porrota aitortu zuten lehenengoak izan ziren. Bigarren itzuliari begira, biek Macronen alde bozkatuko dutela erran zuten. Xedea? "Le Pen geldiarazi".

Ez ziren bakarrak izan En Marche mugimenduko hautagaiaren alde jo zutenak. Hain zuzen, Bernard Cazeneuve Lehen Ministroak baita François Hollande Estatu frantseseko presidenteak ere Macron babestuko dutela aipatu zuten.

Jean Luc Mélenchonek "espero ez zituzten emaitzak" direla aitortu zuen. Ez du inoren alde bozkatzea deitu. "Zuetariko bakoitzak daki zein den bere eginbeharra", erantsi du Frantzia intsumituko hautagaiak.