Notre-Dame-des-Landeseko kideak Euskal Herrian gaindi

Notre-Dame-des-Landes herriko ZADeko (Babestu Beharreko Gunea) lagunek Euskal Herria bisitatuko dute. Apirilaren 25etik maiatzaren 6ra Euskal Herrian gaindi ibiliko dira beren dinamikari buruzko azalpenak eskaintzeko.

Kazeta|2017/04/21 16:50|0 iruzkin
Notre-dame-des-landes-8_4078090
Iaz EHZk brigada bat antolatu zuen Notre-Dame-des-Landesera.

Bretainian eraiki nahi duten aireportuaren kontra mobilizatuak segitzen dute ZADeko (Babestu Beharreko Gunea) militanteek. Iazko uztailean iragan zen Euskal Herria Zuzenean festibalean parte hartu zuten beren dinamikaren berri emateko. Geroztik, harremanak sendotu dituzte elkarteko kideekin. Hain zuzen, iragan udan EHZko brigada bat Bretainiara joan zen gunea hurbiletik ezagutu eta laguntza eskaintzeko.

EHZko kideek azaldu dutenez, Euskal Herriko beste hainbat talde eta elkarte elkarlan horretaz interesatu dira. Guztien harremanak indartzeko xedez, Bretainiako kideek Euskal Herriko zazpi probintziak bisitatuko dituzte apirila eta maiatzean.

Hain zuzen, gaur egun gunea zertan den azalduko dute. Hala nola, nola antolatzen diren, zein harreman dituzten aireportuaren kontra dauden beste elkarteekin eta zer aurreikus dezaketen presidenteetarako hauteskundeetatik landa. Halaber, udan antolatu dituzten ekimenak aurkeztuko dituzte: nazioarteko herrien eta borroken etxolaren eraikuntza, agorrilean brigada berri baten antolaketa eta han iraganen den kanpaldi handi batean parte hartzea.

Biraren lehen hitzordua Baionako Epaiska lokalean iraganen da apirilaren 25ean 19.00etan.

Honakoak dira ondoko hitzorduak:

Apirilean:

- 26ean Getxo, 19:30 Tosun
- 27an Hendaia, 19:30 Gaztetxean
- 28an. Ainhize-Monjolose, 20:30 Euskal Herriko Laborantza Ganbaran
- 29an Atharratze, 19:00 Xahoenean

Maiatzean:

- 2an Altsasu, 18:00 Gaztetxean
- 3an Gasteiz, 19:00 Gaztetxean
- 4ean Beasain. 19:00 Gaztetxean
- 5ean Lezo. 18:30 Txerrimuñon
- 6ean Donostia. 16:00 Bulebarrean

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK