Frantses nazionalitatea duten presoen egoera aztertuko du Justizia Ministroak

Frantses Justizia Ministroa Giza Eskubideen Aholku Batzorde Nazionaleko lehendakariarekin bildu da aste honetan eta euskal presoen hurbilketari begira kasu batzuk aztertzera engaiatu da.

Kazeta|2017/04/21 15:40|0 iruzkin
Img_1208
Christine Lazerges © DR

Estatu frantseseko Giza Eskubideen Aholku Batzorde Nazionalak euskal presoen hurbilketaren beharraz ohartarazi ditu Errepublikako lehendakaria eta Justizia Ministroa. Batzordeko lehendakariarekin izan duen bilkuran Jean-Jacques Urvoas ministroa frantses nazionalitatea duten euskal presoen hurbilketa bat-banaka aztertzea engaiatu da.

Justizia Ministroak kasu bakoitza berriz aztertuko duela hitz eman dio Christine Lazerges batzordeko lehendakariari apirilaren 18an biek izan duten bilkuran. Hala gertatzen balitz, bost euskal herritar lirateke hunkituak, horietako batzuk jada Euskal Herritik hurbil den Lannemezaneko presondegian izanki.

"Zuzenbide printzipio batzuetan oinarritu naiz, hots, familiarekin harremana atxikitzearen eskubidean", azaldu dio erakunde independenteko lehendakariak Mediabask-i. "Zuzenbideak hurbiltzera bultzatzen du baina erreserba politikoak hain diren azkarrak nun zuzenbidea ez baiten aplikatua edo bestela biziki poliki", gehitu du. Ministeritzaren gutun baten zain dago orain engaiamenduaren zehaztapen gehiago ukateko.

Ukatzeko zailtasunak

Urvoasen hitz ematearekin aste gutiren buruan osatuko den gobernu berriko ministroaren gana joateko errezago izanen dela beretzat segurtatu du Lazergesek. Gainera, presoen hurbilketaren alde agertu den Adeline Hazan askatasunen ukapen guneen kontralatzailearekin batera Eskubideen Defendatzaile den Jacques Toubon ere horren alde agertzen balitz, agintari berriek eskaera ukatzeko zailatasunak izango lituzketela uste du Lazergesek.

Adeline Hazan bezala, Giza Eskubideen Aholku Batzorde Nazionaleko lehendakariak euskal presoen urruntzea sistematikoa dela nabarmendu du. Hala ere, arrazoi diplomatikoengatik ez diola Urvoasi nazionalitate espainola duten presoen hurbilketa galdegin, nahiz eta giza eskubideei begira egoera bera den. Horien kopurua 70ekoa litzateke.