Kazeta

Ziburun abiatuko dute beren bira Keu Agirretxe eta Jon Gurrutxagak

Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxeak eskuz-esku sorturiko abestia aurkeztuko dute Euskal Herrian gaindi eginen duten biran. Apirilaren 20ean lehen kontzertua eskainiko dute Ziburuko Atalaia tabernan.

"Izanak" deitzen da bi artistek elkarrekin sorturiko kantua. ©Maido Kult
"Izanak" deitzen da bi artistek elkarrekin sorturiko kantua. ©Maido Kult

Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxeak aspalditik abiatu duten elkarlanean aurrera pausu bat eman dute. Hain zuzen, bi euskal artistek "Izanak" deituriko kantua sortu dute. Kantu hori aurkezteaz gain, bi musikariek beren bakarkako lanak proposatuko dituzte Euskal Herria zeharkatuko duen biran. Kontzertuetan musikari bakoitzak bakarka joko ditu hainbat kantu eta ondotik, biak taula gainera igoko dira.

Alde batetik, Gurrutxagak bere ibilbidea Arima Beltza blues&rock taldean hasi zuen bateria eta kantari bezala. Ondotik, UEK hirukotean aritu eta Jon & Sugramas proiektua sortu zuen. Bestalde, Agirretxea Fjord, Governors edo Psychophony taldeetako kidea izan da. Urte hauetan Euskal Herriko hainbat artistekin kolaboratzeko parada izan du. Hala nola, Xabi Solano, Mikel Erentxun, Izaro baita Ander Lipus aktorea eta Mikel Etxaburu idazlearekin ere.

Honakoak dira bi euskal artisten birako hitzorduak:

- Apirilak 20: Ziburuko Atalaia taberna
- Apirilak 21: Bilboko Biba! Gunea
- Apirilak 23: Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea
- Apirilak 27: Bermeoko Talako Kantina
- Maiatzak 4: Arrasateko Taupa taberna
- Maiatzak 7: Durangoko Plateruena kafe antzokia
- Maiatzak 14: Soraluzeko Herriko Taberna
- Maiatzak 21: Urretxuko Santa Barbara aterpetxe