Mobilizazioak Gomezen kontrako euroaginduak aztertuko dituzten egunean

Apirilaren 24ean epaileek Oier Gomezen kondenaren suspentsio eskaerari buruzko deliberoa jakinaraziko dute. Euskal presoaren kontra dauden hiru euroaginduak apirilaren 26ean aztertuko dituzte. Egun berean Bagoaz eta Sarek mobilizazioak antolatu dituzte bere askatasuna aldarrikatzeko.

Kazeta|2017/04/20 14:35
Guz_oier_gomez_elkarretaratzea_suprefetura_imiquelestorena02
Oier Gomezen aldeko elkarretaratzea burutu zuten apirilaren 19an Baionan. © Isabelle MIQUELESTORENA

Oier Gomezen abokatuak kondenaren suspentsio eskaera otsailaren 2an aurkeztu zuen. Apirilaren 19an hiru epaile, prokuradorea, idazkaria eta Maritxu Paulus Basurco abokatua Parisko Pitié-Salpetriereko ospitalera joan ziren auzi saioan parte hartzeko. Epaileek Gomezi ezarritako zigorra eteteko eskaera aintzat hartzen duten ala ez astelehenean jakinaraziko dute.

Abokatuak azaldu duenez, prokuradorearen jarrera funtsezkoa izanen da. Hain zuzen, erabakiaren berri eman eta hogeita lau orduko epean helegitea aurkeztu dezake. Helegiterik aurkezten ez badu, gasteiztarraren abokatuak euroagindu eskaerak bertan behera uzteko prozedura abiatu dezake. Oroitarazi behar da, Estatu espainiarrak Gomezen kontra bi euroagindu aurkeztu dituela eta Portugalek beste bat.

Apirilaren 24ean erabakia jakin ondoren, hala ere, ibilbide juridikoa ez da bukatuko, izan ere bi egun beranduago aztertuko baitituzte Oier Gomezen kontra dauden hiru euroaginduak. Egun horretan jakin litzateke aske geratuko den ala ez.

Egun bererako, Bagoaz eta Sarek mobilizazioak antolatu dituzte Baionan baita Gasteizen ere. Lapurdin, goizeko 10.00etatik aurrera hasiko dira afixak banatzen. Eguerditan, 13.00etatik aitzina elkarretaratze iraunkorra egingo dute Lesseps kaian. Halaber, 14.00etatik 17.00etara hainbat film emanen dituzte eta ordu horretatik aurrera erabakiaren zain egongo dira. Ondoren, agerraldia egingo du erakundeak.

Gisa berean, Gasteizen, "Oier etxera gunea" jarriko du Sarek. Heldu diren egunetan emango ditu xehetasunak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK