Oier Gomez: kondenaren suspentsio eskaeraren erantzuna apirilaren 24ean

Larriki gaixorik dagoen Oier Gomezen zigorraren suspentsio eskaera aztertu dute apirilaren 19an. Epaileak deliberoaren erantzuna apirilaren 24ean jakinaraziko du. Bagoazek antolaturik, elkarretaratze bat burutu dute 18.30etan Baionako suprefeturaren aitzinean.

Kazeta|2017/04/19 18:40
Guz_oier_gomez_elkarretaratzea_suprefetura_imiquelestorena03
Oier Gomezen aldeko elkarretaratzea egin zuten apirilaren 19an Baionako suprefeturaren aitzinean. ©Isabelle Miquelestorena

Estatu frantseseko justiziak Oier Gomezek egindako kondenaren suspentsio eskaera aztertu du. Euskal presoaren egoera delikatuaren eraginez, auzi saioa Pitie Sapetrireko ospitalean iragan da. Gasteiztarra espetxeko zerbitzu ospitalizatuan dago otsailaren 10az geroztik. Hiru epaile, idazkaria, prokuradorea eta Maritxu Paulus Basurco abokatuak ordu batez iraun duen saioan parte hartu dute. Epaileek deliberoa apirilaren 24ean plazaratuko dutela baieztatu du abokatuak.

Paulus Basurcok ospitalean gisa horretako auziak iragaitea ezohikoa dela nabarmendu du. "Denak egoeraren larritasunaz kontziente ginen. Errespetuz egindako eztabaida izan da. Ongi pasa da", azaldu du. Prokuradorearen jarrera erasokorra izan ez dela azpimarratu du abokatuak. "Ez dira kontra agertu", erantsi du.

Oroitarazi behar da, Oier Gomezen kontra hiru euroagindu eskaera egin dituztela. Horrek erran nahi du, epaileek zigorraren suspentsio eskaera onartzen balukete, ez luketela berehala askatuko. "Lehen eskaera onartzen badute, bigarren pausua izanen da bere askatasuna lortzea euroaginduetan. Espero dugu eztabaida laster iragaitea", esplikatu du abokatuak.

Oier Gomezen defentsak euskal presoa Baionara itzultzea nahi du, bere tratamendua segitzeko xedez. "Prokuradorea ez da gure proiektuaren kontra agertu", aipatu du abokatuak.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Iragan astean Bagoaz, Etxerat eta Sare kolektiboak Gomezen egoera "bizi larria" dela nabarmendu zuten. Hain zuzen, sendagileek sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote pairatzen duen Ewing sarkoma dela eta.

Auziaren karietara hainbat mobilizazio prestatu dituzte. Barda hamarnaka pertsona Bilboko kontsulatu frantsesean elkartu ziren euskal presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Sareko ordezkaria den Amets Martinezek sinatutako gutuna helarazi zioten Estatu frantseseko kontsulari.

Gainera, instituzio eta erakunde anitzek izenpetutako txosten bat eman zioten. Bide batez, euskal gizartearen kezkaren berri Justizia Ministeritzari helaraztea eskatu zioten. Martinezek Oier Gomezen "muturreko" egoera deitoratzeaz gain, beste hamabi euskal preso gaixorik daudela salatu zuen.

Gisa berean, Bagoazek elkarretaratze bat antolatu du Baionako suprefeturaren aitzinean apirilaren 19rako. "Oier eta gaixorik dauden presoak" aske uztea fermuki eskatu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK