Kupela berria sagardoaren merkatuan

Ipar Euskal Herriko bi gaztek Kupela sagardo marka sortu dute. Haien merkatu nagusia Estatu frantsesa da.

Kazeta|2017/04/18 10:30|0 iruzkin
Img_6603
Kupela sagardoa dasta daiteke Estatu frantseseko merkatuan. © Kupela

Sagardo marka berria da Kupela, Ipar Euskal Herriko bi gaztek ekoizturik. Hain zuzen ere, sagardoaren merkatuan xoko bat atzeman dute Xalbat Seosse Oxarango eta Bastien Dufauk. Hego Euskal Herriko sagarrak erabiltzen dituzte horretarako, Agustin Etxebarriarenak hain zuzen: mozoloak, manttoniak eta urkebi handiak besteak beste.

"Gure merkatua Estatu frantsesa da" azaldu du Xalbat Seosse Oxarangok. Bere aburuz, frantsesek gutti ezagutzen dute euskal sagardoa, "kontsumitzen den sagardoa Bretainiako edo Normandiakoa da". Hori dela eta, euskal sagardoa zer den erakutsi nahi diete Kupelarekin.

Ekoizpenen eskalak bost edari dauzka, formatu berezitasun bat badelarik kupela ttikirako. Hots, garagardoa dela iduri du 33cl egiten dituelako. Bestalde, sagardoaz gain, beti Agustin Etxebarriaren sagarrekin ekoizturiko sagar jusa bat proposatzen dute ere. Distribuzio handian, hainbat ostatutan aurki daiteke Kupela: Parisen, Tolosan, edo Biarritzen adibidez, zirkuitu tradizionalari dagokionez, supermerkatuei ateak hesten ez dizkietelarik.

Kupelaren merkatu garrantzitsuena Estatu frantsesa den arren, Euskal Herria ez dute ahazten Xalbat Seosse Oxarango eta Bastien Dufauk. Hala nola, Etxepare lizeoak bultzaturiko sagarrondoen inguruko egitasmoaren karietara, berrogeita hamar sagarrondo landatu dituzte bi gazteek, euskaldunak direlako eta haien eremuan baitziren arbola horiekin.