Bi egun izanen ditu Sarako Idazleen Biltzarrak

Garapen fasean pausu berri bat eman du Sarako Idazleen Biltzarrak. Hain zuzen ere, 34. edizioak bi egun izanen ditu. Apirilaren 16 eta 17an 149 idazle bilduko dira plantan ezarriko dituzten lau xoko berezituetan: haurren ekintzei zuzendutakoa, mintzaldiena, editoreekin harremanak izatekoa eta gune digitala.

Idoia ERASO|2017/04/14 14:55|0 iruzkin
Gar_biltzar_bobedme101
Kanaldudek Internet bidez hitzaldiak segitzeko parada eskainiko du. ©Bob EDME

"Gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu, horregatik bi egun egitea deliberatu dugu, bat beharrean. Biltzarra garatzen ari da gazteria erakarriz, eta euskara gehiago sartuz", baieztatu zuen Jean-Michel Garat ekimeneko sortzaileak. "Liburu feria bat bilakatzen ari da, eta Iparraldeko hitzordu kultural erreferente bat", nabarmendu zuen Henri Errandonea elkarte kudeatzaileko langileak, Garako artikuluak azaldu duenez.

Aurten emango den batzarraren iraupenaren luzapena iaz hasi eta bost urte iraungo dituen garapen fase baten baitan kokatzen da. Joan den urtean, espazioa handitu eta haur eta gazteentzako eskaintza berezia prestatu zen. Alde batetik haurren xokoa sortu zen, eta, bestetik, eskolekin elkarlana abiatu. Horrek bisitarien kopurua handitu zuen, aurreko urteekin alderatuta 400-500 pertsona gehiago bildu baitziren Saran.

Bi ardatz horiek aurten gehiago garatuko dira. Iaz lehen aldiz jarri ziren kiroldegitik kanpoko karpak gehiago izango dira aurten. Delibero hori joan den urtean ikusi zen beharrari erantzuteko hartu da. Ordura arte gela nagusian egiten ziren hitzaldiak jarraitzeko sortu zuten gune berria txiki gelditu zen. Horregatik, 200 lagun inguru har ditzakeen gune berezi bat egokituko dute apirilean. Gainera, bertan egingo diren hitzaldi eta mahai inguruak zuzenean transmitituko ditu Kanaldudek Internet bidez. Hori dela eta, gunea plato itxi bat izango da.

Gazte eta haurrei eskainitako espazioa ere handituko da aurten, aurreko urteko arrakasta kontuan hartuta. Kiribil konpainiak animatuko du xokoa, bai ikuskizunen bitartez, bai haurrak irakurketan lagunduz ere. 2016an hezkuntza zentro gutxi batzuekin hasitako elkarlana asko garatu da 2017an. Hala, ikastolekin batera, Seaskako Ziburuko kolegioak ere parte hartu du. Eta gaztetxo horiek sortutako obrak liburuxka batean argitaratuko dituzte.

Seaskako Bernart Etxepare lizeoko ikasleekin ere elkarlan berezia egingo dute. Kirmen Uribe idazlearen azken lana klasean landu ostean, zuzenean eskainiko den telebista emankizun bat egingo dute idazlearekin batera.

Beste bi xoko berezi ere izanen dira. Aurtengo berritasunetako bat editoreen gunea izanen da. Obra idatzi, grafiko edo fotografikoren bat argitaratu nahi duten lagunek editoreekin biltzeko parada izanen dute gune horretan. Sei editore izanen dira, eta haien obra paperean ikusi nahi dutenek haiekin aurrez aurre eta era pribatuan elkartzeko parada izanen dute.

Azkenik, xoko digitala egongo da, non inguruko liburutegietako profesionalek irakurtzeko modu berriak deskubritzeko gailuak denen eskura jarriko dituzten. Errandoneak ematen ari den garapenaren xedea azaldu zuen: "Biltzarra ez da soilik azoka bat, literaturari loturik beste hitzorduak antolatzeko nahia ere badu".

Mahai inguruak

140 idazle izanen dira aurten presente, eta haien obra aurkezteko manera berriak ere izango dira. Hala, ohiko aurkezpenez gain, mahai inguruak ere izanen dira. Kari Etxeberri, Katixa Dolhare, Maialen Sanchez eta Aines Haristoyk gidatuko dituzte hitzorduak, beraiek hautatutako idazleak haien obrez mintzatzen diren bitartean.

Aurten zendu diren hiru idazleei ere omenaldia eginen zaie. Batetik, Marijane Minaberri eta Hasier Etxeberria oroitu eta biek egindako lanari ohore eginen die Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoinek. Bestalde, Piarres Xarriton euskaltzainaren lana gogora ekarriko dute akademiako kideek. Minaberri eta Xarritonek Biltzarreko saria irabazi zutela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Azkenik, Ipar Euskal Herriko Maiatz argitaletxeak 35 urte betetzen dituela-eta, omenaldia egingo diote Biltzarrean.