Kazeta

Kartzelako bidean izandako istripua salatzeko elgarretaratzea

Ander Mujikaren familiak hura bisitatzera joatean izandako istripua salatzeko elgarretaratzea izanen da ostiral huntan Donibane Garazin.

Bordale ondoan izandako istripuan ez da zauriturik izan. @EtxeratElkartea)
Bordale ondoan izandako istripuan ez da zauriturik izan. @EtxeratElkartea)

Ostegun eguerdian, urteko bosgarren istripua gertatu zen kartzeletako bidean. Saint-Martin-de-Rén (550 km) dagoen Ander Mujika preso donostiarraren ahaideek auto istripua izan zuten. Ander Mujikaren familiaren parte bat baxe-nafarra izanki, ostiral honetan elgarretaratzea izanen da Donibane-Garazin, 19.00etan, herriko etxearen aitzinean. 

Haren guraso, anaia eta bost urteko ilobak Bordele inguruan izan zuten ezbeharra. Istripua saihesteko autoa gelditzean, gibeletik heldu ziren bi autok kolpatu zuten Mujikatarrena. Orotara lau auto kolpaturik izan ziren. Ez zen zauriturik izan, baina familiak ez zuen autoarekin kartzelako bidea berriz hartu ahal izan.

"Jakitun gara Aste Santuko egun hauetan ohiko opor garaia dela jende askorentzat, baina guk ez dugu oporrak hartzeko aukerarik. Gure opor egunak espetxeetara bidean igarotzen ditugu, dispertsio politikak ez baitu halakorik ezagutzen", ohartarazi du Etxerat familien elkarteak. Sakabanaketaren ondorioz 16 pertsona hil direla eta 400 istriputik gora izan direla azpimarratu du. Hego Euskal Herriko hiribuetan ere izanen dira salaketak ekimenak.