Kazeta

EEPri emandakoa bikoiztu du Herri Elkargoak

Aurrekontuaren bozketan, "euskara eta euskal kulturaren" eskumena bere gain hartzea erabaki du Euskal Elkargoak. Hori dela eta, EEPri bideratuko dion laguntza bozkatu du, hots, 860.000 euro.

Euskal Elkargoak bere osoko bilkura antolatu zuen apirilaren 8an Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
Euskal Elkargoak bere osoko bilkura antolatu zuen apirilaren 8an Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Euskal Elkargoko kontseiluak apirilaren 8an antolatu zuen osoko bilkuran, aurrekontua bozkatu zuen. Erabaki horrek Euskararen erakunde publikoan duen parte hartzea indartzeko borontatea berretsi zuen. Bozketan parte hartu zuten hautetsiek "euskara eta euskal kulturaren" eskumena bere gain hartzearen alde agertzeaz gain, Euskararen Erakunde Publikoari (EPP) bideratuko dioten diru laguntza bozkatu zuten: 860.000 euro.

"Hizkuntza politikaren alde egin dugu keinu indartsua da", azaldu du Euskal Elkargoko lehendakaria den Jean-René Etchegarayk. Horiek horrela, EEPren aurrekontuaren %25a herri elkargoak bideratuko du, %25a Estatuak, %25a Akitania Berria eskualdeak eta azkenik, %25a Pirinio Atlantikoetako departamenduak.

Euskal Elkargoa sortu baino lehen, herriak Euskal Kulturaren Aldeko Herri arteko sindikatuan (EKAHS) elkartuak zeuden. Bakoitzak bere biztanle kopuruaren arabera finkatutako diru ekarpena ematen zion EPPri. Hau da, 2015an 1,40 euro biztanle bakoitzeko.

Funtzioen lekukoa hartu

1990an sorturiko sindikatuak, besteak beste, Erakundeak euskararen alde sustatuko ekimenak babestu nahi zituen. Duela bi urte EKAHSk 263.100 euro eman zizkion EPPri. Iaz, ordea, diru laguntza indartu eta 392.474 euro eskaini zizkion.

"Euskara eta euskal kulturaren" eskumena Euskal Elkargoaren gain gelditu denez, sindikatuaren lekua hartu du. Gisa berean, orain arte EPPren kide zen Hautetsien Kontseiluaren lekua ordezkatu du herri elkargoak. Azpimarratzekoa da EKAHSk emandako diruaz gain, kontseiluak iaz 3.082 euro bideratu zizkiola EPPri. Halaber, herri elkargo ohi eta hiriek 20.000 euro erakundearen esku utzi zituzten.