Kazeta

Bere agregazioa izanen du euskarak

Agregazioa pasatzeko eskubidea lortu dute tokiko zortzi hizkuntzek. Bigarren mailan irakasteko pasatzen den konkurtsoan, euskarari dagokion lehen azterketak 2019. urtean abiatuko dira.

Bretoiera, korsikarra eta okzitanierako azterketak 2018an abiatuko dira. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)
Bretoiera, korsikarra eta okzitanierako azterketak 2018an abiatuko dira. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

Luzaz itxoin ondoren, azkenean, tokiko hizkuntzak irakasten dituzten irakasleek agregazioa pasatzeko parada izanen dute. "Estatu frantseseko hizkuntzak" lelopean sortu duten konkurtsoaren lehen hitzorduak 2018an izanen dira. Euskararen kasuan, ordea, 2019a arte ez da azterketarik izanen.

Martxoaren 23an argitaratutako Aldizkari ofizialean agertu zen albistea. Agregazioa pasatzen ahalko dituzten hizkuntzak honakoak dira: euskara, bretoiera, katalana, korsikarra, kreolera, okzitaniera eta tahitiarra.

"Irakasleek duten eskubidearen aitorpena da, batez ere beste diziplinako irakasleei begira", aipatu du Marie-Jeanne Verny Paul Valéry Montepellier Unibertsitateko irakasleak. Agregazio hori pasatzeko interesatuek bi azterketa mota pasa beharko dituzte. Alde batetik, irakasle guziei zuzenduriko azterketa bat frantsesez. Bestalde, tokiko hizkuntzetan pasa beharko den atala.

Gogoetatzeko parada

"Lehen azterketak tokiko hizkuntzen problematika bateratuak jorratuko ditu, hala nola, soziolinguistika eta historiari buruzkoak. Irakasle guziei historiari buruz gogoetatzeko aukera eskainiko diete, baita ikuspegi orokor bat izateko aukera ere", esplikatu du Vernyk.

Tokiko hizkuntzetan pasako den atalaren eredua atzerriko hizkuntzetan (ingelesa, alemaniarra, gaztelania eta txinatarra) pasatzen denaren antzekoa izanen da. "Orain eskatzen duguna da jakitea zenbat postu sortuko diren hizkuntza bakoitzean eta batez ere egitarauaren mamia zein izanen den", erantsi du.

Bretoiera, korsikarra eta okzitanierako azterketak 2018an abiatuko dira. Euskara eta katalanak 2019. urtera arte itxoin beharko dute.