Kazeta

Uztaritze eta Hazparneko diruzaintzak batzea ikertzen ari dira

Uztaritze eta Hazparneko diruzaintzak batzea ikertzen ari da departamenduko Finantza publikoko zuzendaritza. Horrek Uztaritzeko zerbitzuaren desagerpena eragingo luke. Zerbitzuaren defentsan, herriko auzapezak mozio bat bozkatzea proposatuko du.


Uztaritzeko diruzaintzaren defentsan mozio bat bozkatzea proposatuko du auzapezak.
Uztaritzeko diruzaintzaren defentsan mozio bat bozkatzea proposatuko du auzapezak.

Badira aste batzuk, Uztaritzeko auzapeza den Bruno Carrèrek herriko diruzaintza desagertzeko arriskuan dagoela jakin zuela. Hain zuzen, departamenduko Finantza Publikoen zuzendaritza Euskal Herriko zenbait diruzaintza batzea ikertzen ari da. Hori dela eta, Uztaritzekoa, "herriko finantzei" dagokienez, Hazparnekoarekin batuko luke 2018ko urtarrilaren 1etik aitzina. Gisa berean, "zergen ordainketari" dagokionez, Angelukoarekin elkartuko luke.

Zerbitzuaren leku aldatzeak ez lieke soilik bezeroei eragingo. Uztaritzeko diruzaintzak Ahetze, Arbona, Jatsu, Larresoro, Senpere, Milafranga, Arrangoitze eta Haltsuko aurrekontuak ere kudeatzen baititu.

"Herri horietako bezeroek, orain arte kantina eta aisialdi zentroen kostuak Uztaritzeko diruzaintzan edo gutun bidez ordaintzen zituzten. Orain, ordea, Hazparneraino joan beharko dira", deitoratu du Bruno Carrèrek. Halaber, zergak ordaintzeko, bezeroek Baionan kokatua den Angeluko diruzaintzara jo beharko dute.

Zerbitzu publikoen defentsan

Departamenduko zuzendaritzak oraingoz abisatu ez dietela aipatu du auzapezak. Zerbitzu publikoaren defentsan Herriko Etxeko hurrengo kontseiluan mozio bat bozkatzea proposatuko du. Erabaki bera hartu zuen Arrangoitzeko Herriko Etxeak martxoaren 17an. "Tokiko hautetsien onarpena gabe lantzen ari diren egitasmo bortitz horrek zerbitzuaren kalitatea mehatxatzen du. Batez ere tresneria numerikoa kontrolatzen ez duten bezeroei eragingo die", azaldu dute Arrangoitzeko hautetsiek mozioan.

"Horrelako proiektuen kontra gaude. Bezeroetatik hurbil diren zerbitzuak desagerrarazten dituzte", aipatu du Hervé Larrouquèrek departamenduko FO sindikatuko idazkariak.

Bateraketa burutu ahal izateko, departamenduko Finantza Publikoen zuzendaritzak Parisetik onarpena jaso behar du. Larrouquèrek dioenez, horren esperoan dago. "Ondotik, hitzartze bat antolatu beharko du langileekin, baita hautetsiekin ere. Ezingo du deus egin hauteskundeak baino lehen", erantsi du.

Uztaritze eta Hazparneko diruzaintzen bateratzea ez litzateke proiektu bakarra izango. Hain zuzen, Baigorri eta Donibane Garazikoa elkartzea ere ikertu lukete.