Kazeta

Bilbora ailegatu aitzin, Bizkaia eta Araba artean ibiliko da Korrika

Bizkaiko kostaldeko herrietan gaindi ibili ondoren, Araba bisitatu du Korrikak apirilaren 6an. Berriz ere Bizkaira salto eginen du arratsaldean Bilbora ailegatzeko. Hain zuzen, lau ordu eta erdi ibiliko da hiriburuan gora eta behera euskararen aldeko mezua ozen entzunarazten.

Saltoka hartu dute Korrika Busturialdean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Saltoka hartu dute Korrika Busturialdean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

05.00ean Barakaldoko bizilagunen esku zegoen lekukoa. Ezkerraldean hainbat kilometro eginda (bertara paddle surf egiten iritsi ondoren), Meatzaldetik eta Enkarterritik igaroko da Korrika, Arabara salto egin aurretik, Naiz atariak plazaratu duenez.

 

Bizkaira itzulita, 20. Korrikak Bilborako bideari ekingo dio, Sodupe eta Alonsotegitik. 17:00ak aldera sartuko da hiriburuan, Zorrotzatik, eta lau ordu eta erdiz ibiliko da auzoetan eta erdialdean zehar. Bertan izango ditu zain, besteak beste, Ongi etorri errefuxiatuak plataforma, Kakitzat edo Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa.

San Inazio auzoan, lekukoak bilbotarrak agurtu eta Txorierrirantz egingo du. Gauerdian, Korrika zale andana bilduko da Txorierri eta Arratia artean, Usansolon. Izan ere, bost kilometroko tartean, 22 kilometro birtual eta beste horrenbeste lekuko aldaketa izango dira.

Ostiral goizaldean, Korrikak Arratiako herriak zeharkatuko ditu. Araba aldean, Gorbeia azpiko herrietan ibiliko dira lasterka korrikalariak gaua uxatzen. Egunsentiak Barrerilla mendatea jaisten harrapatuko du 20. Korrika, 07.30ak jota Urduñan sartzeko prest.

Azken txanpan sartzear da euskararen aldeko lasterkaldia, zeinek igande eguerdian harrapatuko duen Iruñeko helmuga, hiri zabalduko den jai berezi batekin.