Kazeta

Abian da euskarara batzeko deia egiten duen 20. Korrika

Otxandiotik abiatu da 20. Korrika martxoaren 30ean. Euskal Herrian gaindi, 2.500 kilometro zeharkatu ondoren, Iruñera ailegatuko da apirilaren 9an.

Urtsa Errasti, Korrikako bost lehen edizioetako arduradunak lekukoa hartu du. (ARGAZKI PRESS)
Urtsa Errasti, Korrikako bost lehen edizioetako arduradunak lekukoa hartu du. (ARGAZKI PRESS)

Arratsaldeko 17.00ak aldera Otxandiotik abiatu da 20. Korrika. "Batzuk" lelopean iraganen den lasterketak Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatuko ditu xede nagusi batekin: euskarara batzeko deia zabaldu. Herritarrak euskarara gomitatzeko helburua duen aurtengo edizioa Iruñean bukatuko da apirilaren 9an.

Egun guzian egitarau sakona prestatu dute Bizkaiko herrian. Tipienek beraientzat prestatutako jolasekin gozatzeko parada izan dute karrikak musikaz josten zituzten bitartean. Gainera, herritarrak taula gainera igo dira antzerki saio bat proposatzeko.

Aurtengo ekimenak Korrikaren sortzaileak omendu ditu. Hori dela eta, ordua ailegatu bezain laster Joseba Kanporen senideek lekukoa hartu dute eta lehen kilometroa kurritu dute. Oroitarazi behar da Kanpo Otxandioko herritarra Korrikaren sortzaileetariko bat izan zela. Hain zuzen, lehen Korrika 1980an antolatu zuten, Oñatitik Bilbora.

Bizkaitik abiatu eta, Arabara sartu eta Gasteizera ailegatuko da 19.00ak aldera. Bihar, ordea, Nafarroan sartu eta Lizarra, Lodosa eta Cadreitatik pasako da. Ipar Euskal Herrira, apirilaren 2an ailegatuko da. Luzaidek Arnegiri lekukoa pasatuko dio bi egunez Baxe Nafarroa, Xiberoa eta Lapurditik gaindi euskararen aldeko aldarria ozen entzunarazteko.