Kazeta

Oier Gomez: Alauxk bilkura bat eskatu dio Urvoas Ministroari

Sylviane Alaux eta Cécile Duflot diputatuek Oier Gomez bisitatu dute Pitié-Salpêtrièreko erietxean. Eri dagoen euskal presoaren kasua aipatzeko, sozialistak bilkura bat galdegin dio Jean-Jacques Urvoas Justizia Ministroari.

Sylvianne Alaux eta Cécile Duflot diputatuek Oier Gomez bisitatu dute
Sylvianne Alaux eta Cécile Duflot diputatuek Oier Gomez bisitatu dute

"Oier Gomez ikustera gatoz. Bera da ikusi nahi duguna". Sylviane Alaux diputatu sozialista eta Cécile Duflot diputatu ekologista Pitié-Salpêtrièreko erietxera joan ziren iragan astean larriki eri den euskal presoari elkartasuna adierazteko. Kondenaren suspentsioa eskatu duen gasteiztarraren kasua aipatzeko Alauxk martxoaren 27an bidali dion gutun baten bidez bilkura bat eskatu dio Jean-Jacques Urvoas Justizia Ministroari. "Estatu frantsesak asko irabaziko luke Oierren kondena bertan behera utziko balu", nabarmendu du Alauxk.

"Bisitatzera joan naiz, lanjerrean dagoen pertsona delako. Kondenatua da, bai, baina gaixorik dago", azaldu du Alauxk. Bere "borrokan" bakarrik ez dagoela jakinarazi nahi zion sozialistak. Oroitarazi behar da, Lorentxa Guimon euskal preso ohiaren kasuan ere sostengua helarazi ziola diputatuak.

Bi diputatuak inor abisatu gabe hurbildu ziren Oier preso atxikitzen duten erietxera. Hain zuzen, diputatuek kartzeletan sartzeko eskubidea dute. Medikuekin hitz egiteko parada izan zuten. Alauxren erranetan, Gomezen artamendua atxiloaldiarekin bateraezina dela baieztatu dute profesionalek.

Carlos Gomez Oier Gomezen aitak azaldu zuen bezala, epaileek izendatu duten aditu batek euskal presoaren kasua ikertu du. Orain bere ondorioen zain daude. "Oierrek honakoa erran zigun: sendatuko naiz. Itxaropena dauka", erantsi du diputatuak.

Iragan martxoaren 25ean 2.000 pertsona inguruk larriki eri diren presoen eta kondena luzeak dituztenen aldeko aldarria egin zuten Baionan. Sylviane Alaux diputatua mobilizazioaren hasieran zegoen pankarta atxikitzen zutenetariko bat zen.