Kattin CHILIBOLOST
Elkarrizketa
Mikel Gastambide
Garaziko Gaztetxeko kidea

'Metala maite dugunok gutiengoan gara'

Suhuskuneko herriak Buru Beltz Fest jaialdiaren bigarren edizioa errezibituko du martxoaren 31 eta apirilaren 1ean. Euskal Herri osoko zein kanpoko taldeek "Ipar Euskal Herriko metalaren hiriburuan" topo eginen dute. Mikel Gastambide Garaziko Gaztetxeko kideak jaialdiaren jatorria azaltzeaz gain, gaur egun lortu duen ospeaz hitz egin du.

Mikel Gastambide, Garaziko Gaztetxeko kidea.
Mikel Gastambide, Garaziko Gaztetxeko kidea.

Buru Beltz Fest jaialdia noiztik antolatzen duzue?

Festibal hori duela ia urte bat hasi ginela antolatzen. Uztaila inguruan hasi ginen elkartzen. Suhuskuneko Herri eta Kultur elkartea (HTK) eta Garaziko Gaztetxeari esker, lehen edizioa prestatu genuen. Guk urtero, gaztetxearekin, Metalloween deituriko gaualdia antolatzen genuen. 2015eko urrian ez genuen paradarik ukan horren egiteko, beraz erabaki genuen martxoan metal kontzertuak proposatzea.

Suhuskuneko elkarteak metal kontzertuak egin zituen asteburu berean. Hori dela eta, erabaki genuen elkartzea eta bi eguneko kontzertuak antolatzea toki berean. Hortik hasi zen festibala.

Aurten ere bi elkarteek elkarrekin antolatzen segitzen duzue?

Pixka bat konplikatua zen bi elkarteekin antolatzea, beraz aurten HTKk du antolatzen. Haatik, Garaziko Gaztetxetik motibatuak diren gazteek HTK elkarteari laguntza eskaintzen diogu.

Aipatu duzu Suhuskunekoek ere metal kontzertuak antolatu nahi zituztela, nondik dator gogo hori?

Sinpleki. Metala maite dugunok gutiengoan gara. Metal kontzertuak ez dira asteburu guztiz proposatuak. Euskal Herrian taldeak badira, beraz talde euskaldunak entzuteko parada eskaini nahi genion jendeari.

Gutiengoaz hitz egin duzu. Horrela sentitzen zarete?

Metala entzuten dutenak guti daude, bai. Ez da beste musika estiloak bezala. Musika eta unibertso hori maitatu behar duzu.

Anitzen erranetan, Suhuskune "Ipar Euskal Herriko metalaren hiriburua" da. Herrian gehiengoan baitira hori diote askok?

Nik ez dakit, ez nintzen hor ospe hori sortu zelarik. Baina bai, Ipar Euskal Herriari dagokionez, Suhuskune metalaren hazlekua dela erran daiteke. Talde asko sortu dira herrian eta urte hauetan kontzertu anitz antolatu dituzte. Plazer egiten du Buru Beltz Fest hor antolatzea.

Baina aurreratu dezaket agian heldu diren urteetan tokia aldatuko dela. Sala aski tipia da Suhuskunen. Ikusiko dugu nola pasatzen den aurten, baina geroz eta jende gehiago hurbiltzen bada, leku berri bat bilatuko dugu.

Jende geroz eta gehiago espero duzuela diozu. Zein da iazko edizioaz duzun oroitzapena?

Bi gaualdi oso ederrak izan zirela gogoratzen dut, nahiz eta jende asko ez etorri. Laurogei bat sartze saldu genituen arrats guztiz. Biziki ongi zen. Gaualdiak antolatzea zaila izan zen, baina hala ere elkarte bakoitzeko kideek kontzertu eta bestaz baliatzeko parada izan genuen. Biziki besta polita izan zen. Ongi konpondu ginen bi elkarteko kideak. Jendea pozik agertu zen eta bigarren edizio bat eskatu zuten.

Zein talde da aurten gehien espero dituzuenak?

Ez dakit, nik erranen nuke talde guziak ikusi behar direla. Adibidez, Meltdown talde hernaniarra Hego Euskal Herrian nahiko ezagutuak dira. Ostiraleko gaualdia, nire ustez, ederra izanen da.

Festibala baino lehen, mezu bat helarazi nahiko zenuke?

Metalzale guziei Euskal Herrian gure grina atxiki dezatela eskatuko nieke. Segitu behar da rock eta metal musika eszena gainean bultzatzen.