Kazeta

Friendshipek desarmea ahalbidetzea eskatu die Gobernu espainiar eta frantsesari

Apirilaren 8an iraganen den desarmearen egunarekiko bere poza agertu du Friendship taldeak. Prozesuaren arrakasta ahalbidetzea aldarrikatu die Gobernu espainiar eta frantsesari. Gainera, Europar Batasunari desarmearen prozesua sostengatzea eskatu dio.

Basque Friendship taldeak desarmearen prozesuari sostengua erakutsi dio. (Friendship)
Basque Friendship taldeak desarmearen prozesuari sostengua erakutsi dio. (Friendship)

Basque Friendship taldeak bakearen artisauek ETAren "erabateko" desarmeari buruzko iragarpena sostengatu du martxoaren 29an. Bruselan antolatu duen agerraldian Martina Anderson (Sinn Féin), Mark Demesmaeker (N-VA), Lidia Senra (Alternativa Galera de Esquerda) eta Josep-Maria Rerricabras (ERC) diputatu europarrak presente zeuden. Guziak pozik agertu dira apirilaren 8an iraganen den desarme egunarekin.

Euskal Herriko eragile, erakunde eta gizarte zibilak albiste hori begi onez ikusi dutela azpimarratu du Andersonek. Halaber, armen berrerabilpena saihesteko nazioarteko egiaztapena kontutan hartua izanen dela erantsi du. Diputatu irlanderaren aburuz, "albiste oso ona da". "Pausu berri honek indar independentisten eta euskal gizartearen engaiamenduaren indarra berretsi du. Hau guztia posible izan dadin, burutu duten lana nabarmendu nahi dugu", gehitu du.

Mark Demesmaekerrek hitza hartu du Gobernu frantses eta espainiarrari mezu bat helarazteko. "Espero dugu Gobernu espainiar eta frantsesak aukera baliatu dezatela eta ez diotela trabak ezarriko prozesuari".

Bere iritziz, bakearen artisauen "iragarpena albiste ona da Europako segurtasuna, bakea eta demokraziarentzat. Hori dela eta, erakunde europarrei, ahal duten heinean, prozesu hau babestea eskatzen diegu", aipatu du.

Horretarako, Europan Estatu frantsesa ordezkatzen duen enbaxadorearekin bilkura bat galdegin du taldeak. Gisa berean, Estatu espainiarraren ordezkariarekin ere elkartzea eskatu du. Bilkuren xedeak ordezkariek desarmearekiko duten jarrera ezagutu eta prozesuaren garrantzia nabarmentzea dira.