Talde euskaldunak entzuteko parada eskaintzea Suhuskuneko Herri eta Kultur elkarte antolatzailearen xedea da. Asmo horrek gidatuta, Buru Beltz Fest jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du martxoaren 30 eta apirilaren 1erako. Orotara, Euskal Herriko zein Estatu frantseseko bederatzi taldek metal musika eskainiko dute, anitzen erranetan, "Ipar Euskal Herriko metalaren hiriburuan".
Jaialdiaren egitaraua ostiralean abiatuko da 21.30etan. Oraz Parisetik etorritako taldeak hasiera emanen dio ekimenari. Ondotik, Meltdown eta Rise to Fall taldeak taula gainera igoko dira.
Biharamunean, arratsaldeko 18.00etatik aitzina kontzertuak proposatuko dituzte. Su ta Gar taldearen ildoa segitzen duen Bu ta Gaz taldea oholtza gainera igoko den lehenengoa izango da. Halaber, Black Xalbbath, Prophetic Scourge, Anestesia eta Txistor of a Down taldeen musikaz gozatzeko parada eskainiko du elkarteak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, leku kopurua mugatua da. Hori dela eta, sarrerak aurre salmentan eskuratu daitezke hemen. Azken astean egun bakarreko txartelak salgai jarriko dituzte.