Kazeta

Sala guztien ateak hesten dizkiote Frente Nazionalari

Marion Maréchal Le Penek Napoleon salan antolatu behar zuen bere bilkura publikoa apirilaren 11n. Azkenean, aretoaren kudeatzaileak erabilpena errefuxatu dio. Bitartean, Ipar Euskal Herriko hogeita lau elkarte, kolektibo eta sindikatuk bisitaren karietara elkarretaratze bat antolatu dute.

Bisitaren egunean animazioak proposatuko ditu Baionako Zizpa Gaztetxeak.
Bisitaren egunean animazioak proposatuko ditu Baionako Zizpa Gaztetxeak.

Frente Nazionaleko kideek Marion Maréchal Le Penen bilkura publikoa lekuz aldatzea erabaki zuten. Hasiera batean Baionako Elkarteen Etxean iragan behar zen ekimena, azkenean, Napoléon aretora lekuz aldatu zuten. Baina, salaren kudeatzaileak erabilpena errefusatu dio alderdiari, Sud Ouest egunkariak azaldu duenez.

Hain zuzen, kudeatzaileak komunikabideari azaldu dionez bi arrazoiengatik FN errezibitzea ezeztatu du. Alde batetik, "segurtasun arrazoiengatik" eta bestalde, "sostengatzen ez ditudan ideiekin lotura ez egiteagatik".

Frente Nazionalak sala berri bat bilatzeko lana abiatzen duen bitartean, Ipar Euskal Herriko hogeita lau elkarte, sindikatu eta mugimendu politikoak harrera prestatzen ari dira. Egunean bertan elkarretaratze bat antolatu dute. Ipar Euskal Herriko zein Hego Landestako biztanle guztiei ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete.

Frente Nazionaleko diputatuari harrera eginen diote 16.00etan. "Gure manifestaldi zaratatsuaren bidez, Frente Nazionalaren diskurtso okaztagarria estaltzeko asmoa dugu", erantsi dute.

Joel Sistiague Ipar Euskal Herriko Sare Antifaxistako kideak azaldu duenez, harrera prestatzen ari diren taldeak bat datoz pentsamendu berean: "Marion Maréchal Le Pen ez da ongi etorria Euskal Herrian". Hain zuzen, agirian eskuin muturrarekin "gaurko krisiari aurre egiteko herriek ez dutela aterabiderik atzemanen" nabarmendu dute.

"Sentsibilizazio lana"

Alderdiak duen "ideologia okaztagarria borrokatzeko" mobilizatuko direla azpimarratu dute. Mobilizazioa prestatu duten taldeen aburuz, "Frente Nazionala egiazko lanjer bat da jendartearentzat". "FNk ez ditu gazteen, emazteen, laborarien, langileen, langabetuen, erretiratuen interesak babesten... Alderantziz nahi ditu zatitu eta bat bestearen kontra jarri", gehitu dute.

Marine Le Penen ilobak transmititzen dituen balioak, hots, "xenofobia eta arrazakeria", salatu nahi dituzte. Antifaxistak kontatu duenez, apirilaren 11n animazioak proposatuko dituzte Baionako Zizpa Gaztetxean.

"Gizarteari informazioa eskaintzeko xedez, etorkinen harrerari buruzko sentsibilizazio lana burutu" nahi dutela erantsi du. Horretarako, besteak beste, "Ongi etorri errefuxiatuak" mezua islatuko dituzten pankartan jarriko dituzte hirian gaindi. "Tolerantzia eta onarpena bezalako baloreei garrantzia eman nahi diegu", erantsi du.

 

Mobilizazioa antolatu duten taldeak:

Aitzina, Amis de Karl Marx, BIZI !, IpEH Antifaxista, Les Bascos, PAF, Baionako Giza Eskubideen Liga, Zutik- Indarkeria matxisten kontrako kolektibo feminista, CFDT Pays Basque, Hendaia eta Donibane Lohizuneko CGT tren gidariak, Baionako CGT tren gidariak, CGT des Territoriaux de Biarritz, FSU64, LAB, Baionako CGT, Union syndicale Solidaires Pays Basque, EH Bai, Ensemble! Euskal Herriko Europa Ekologia Berdeak, Indar Beltza, La Commune, La France Insoumise eta NPA.