Kazeta

Espetxe Zaintzako kontrolatzailearen txostena begi onez ikusi du Etxeratek

Adeline Hazan Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak bere urteko txostenean euskal presoen egoeraz ohartarazi du. Egindako lana modu baikorrean balioztatu du Etxerat elkarteak. Hazanen txostenaren gomendioa segituz "egoera larri honen berehalako konponbidea" aldarrikatu du.

 

Urtzi Errazkin eta Patricia Vélez, Etxerateko bozeramaileak. (ARGAZKI PRESS)
Urtzi Errazkin eta Patricia Vélez, Etxerateko bozeramaileak. (ARGAZKI PRESS)

Euskal presoek haien familiekin lotura mantentzeko eskubidea urratua dela nabarmendu du, besteak beste, Adeline Hazan Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak. Martxoaren 22an argitaratu duen urteko txostenean euskal presoen egoera hurbiletik ikertu du. Hazanek publiko egin duen lana begi onez ikusi du Etxeratek.

Elkartearen aburuz, euskal presoen eskubideak urratuak ez direla adierazteko "justifikazio faltsuak erabili dituzte Estatu frantses eta espainiarreko espetxe arduradun eta salbuespen politikoen defendatzaileek". "Bisita horiek mantentzeko egin behar diren sekulako ahaleginak ondorio dramatikoak ekartzen dizkigutela aspalditik salatu, frogatu eta argiki erakutsi dugu", erantsi du.

Bere iritziz, familiarekiko harremana mantentzeko prezioa "oinarrizko eta bizitza eskubideen baliogabetzea" da. "Zentzu honetan, interes politikoengandik at aztertzen direnean gure eskaerak, hau da, soilik eskubideen ikuspuntutik aztertuak direnean agerian gelditzen dira eskubide urraketa larriak, eta horien justifikazio eza frogatu du txosten horrek", aipatu du.