Kazeta

Esnal eta Haranbururen kondena arintzea eskatu diote Hollanderi

Eragile sozial eta politikoek osaturiko talde batek Jakes Esnal eta Xistor Haranbururen kondena arintzea eskatu diote François Hollande Estatuko presidenteari. Helarazi dioten gutunean bi euskal presoek duten bizi osorako zigorra hogeita hamar urtera murriztea eskatu diote.

Bagoazek Haranburu, Esnal, Ion eta Unai Paroten aldeko manifestazioa antolatuko du martxoaren 25ean Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
Bagoazek Haranburu, Esnal, Ion eta Unai Paroten aldeko manifestazioa antolatuko du martxoaren 25ean Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Ipar Euskal Herriko auzapez ohi, abokatu eta gizarte zibileko hainbat eragilek Jakes Esnal eta Xistor Haranbururen kondena arintzeko eskaera aurkeztu dute martxoaren 21ean Baionan. Horien artean, Sylviane Alaux diputatu sozialista, Sandrine Derville eskualdeko hautetsi sozialista eta Alice Leiciaguezahar eskualdeko kontseilari ekologista. Arlo anitzetako eragileek osaturiko lan talde batek Esnal eta Haranbururen zigorra hogeita hamar urtera murriztea eskatu diote François Hollande Estatu frantseseko lehendakariari.

Bi euskal presoek bizi osorako kondena dute. Justiziak hemezortzi urteko segurtasun zigorra agindu zien. Aurtengo apirilean, hogeita zazpi urte beteko dira Esnal eta Haranburu preso direnaz geroztik. Egoerari aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile elkartu dira "giza desmartxa" bat dena burutzeko.

Iragan martxoaren 14ean lan taldea Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetarekin elkartu zen. Bilkuran bi euskal presoen aldeko taldeak gutun bat helarazi zion. Azken horrek eskutitza pasarazi die Hollande presidentea, Bernard Cazeneuve Lehen ministroa eta Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroari, Bagoazek azaldu duenez.

"Giza keinu bat"

Gutunean gaur egungo testuingurua oroitarazi du taldeak. Hots, Euskal Herrian martxan dagoen bake prozesua gogora ekarri du. "Armak isildu dira", dio Paul Badiolak. Ildo horretatik, Aieteko konferentziaz gain, Pariseko Asanblada Nazionalean 2015ean iragan zen Bake konferentzia humanitarioa aipatu du. Luhusoko gertakarien desmartxa nabarmendu eta, "gizarteak konponbidea nahi duela" azpimarratu du. "Behin betiko bakea amesten du", gehitu du.

Esnal eta Haranburuk Estatu espainiarrean iragan ziren gertakariak direla eta kondenatuak izan ziren 90 hamarkadan. Preso direnez geroztik biek egin dituzten baldintzapeko askatasun eskaerak errefuxatu dizkiete. "Beren bizi osoa preso pasa dute. Eskaera onartzea giza keinu garrantzitsu baten adierazlea litzateke", erantsi dute.

Soilik François Hollande presidenteak galdea onartu dezake. Maritxu Paulus Basurco abokatuak aipatu duenez, bi euskal presoek hamar urteko beste kondena bat dute. Hain zuzen, gaizkile taldeko kideak izatea leporatu zieten. Hollandek eskaera onartuko balu, kasua berriz epaitegira itzuliko litzateke eta epaileek beste kondenari buruzko delibero bat hartu beharko lukete.

Haranburu, Esnal, Ion eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzeko manifestazio bat antolatuko du Bagoazek martxoaren 25ean Baionan. Ekimenean larriki eri diren euskal presoak libre uztea fermuki eskatuko du. Hitzordua 17.00etan finkatu du Euskaldunen plazan.