Lehendakaritzako hauteskundeak: hamaika hautagaiak aurkeztu dituzte

Martxoaren 18an lehendakaritzako hauteskundeen hamaika hautagaiak aurkeztu ditu Kontseilu Konstituzionalak. Jean Lassalek beharrezko sostengu kopurua gainditu duen bitartean, Michèlle Alliot-Marie ez da helmugara ailegatu.

Kazeta|2017/03/20 15:00
Fillon
François Fillonek Euskal Herria bisitatuko du martxoaren 24ean. © Gaizka Iroz

Hamaika hautagai lehiatuko dira heldu den apirilaren 23an abiatuko diren Lehendakaritzarako hauteskundeetan. Beharrezkoak diren boz kopurua lortuko dutenak maiatzaren 7an iraganen den bigarren itzulira pasako dira. Bozetara aurkeztuko direnek heldu diren asteetan beren hauteskunde egitasmoak defendatuko dituzte.

Auzitegi Konstituzionalak hautagaien zerrenda ofiziala argitaratu zuen martxoaren 18an. Hau da: Nicolas Dupont-Aignan (707 sostengu), Marine Le Pen (627), Emmanuel Macron (1829), Benoît Hamon (2029), Nathalie Arthaud (637), Philippe Poutou (573), Jacques Cheminade, Jean Lassalle, Jean-Luc Mélenchon (805), François Asselineau (587) eta François Fillon (3635).

Lehendakaritzako hauteskundeetan parte hartzeko, hainbat baldintza finkatu zituen Auzitegi Konstituzionalak. Hala nola, 500 babesleen izenpetura lortzea. Horiek hogeita hamar departamendu ezberdinetako hautagaienak izan behar ziren.

Sostengu eza

Aipaturiko hamaikek baldintzak bete dituzte. Jean Lassalle diputatu eta kontseilari zentristak azken mementoan lortu du falta zitzaion sostengua. Hautagaia baldin bada "irabazteko dela" dio. Bere aitaren adierazpen bat gogora ekarri du Mediabask atarian: "Gauzak egiten dituzunean, bururaino eraman behar dira".

Beste hautagai batzuk ez dute lehen itzulian parte hartuko, sostengu eza dela medio. Hala nola, Michèle Alliot-Marie eta Oscar Temaru. Errepublikakoen departamenduko lehendakariak 74 babesle lortu ditu. Horien artean, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi daude. Hots, Isabelle Dubarbier Ziburuko hautetsia, Jean-Pierre Harriet Luhusoko auzapeza eta Roger Gamoy Itsasuko auzapeza.

Gisa berean, Oscar Temaru Polinesiako independentistak 109 izenpetura lortu ditu. Oroitarazi behar da Temaru Ipar Euskal Herriko hautetsiei babesa adierazteko deia luzatu ziela hauteskunde kanpainan.